argia.eus
INPRIMATU
Euskara trending topic
IƱaki Martinez De Luna @imartinezdeluna 2020ko otsailaren 05

Bi mundu paralelo antzematen ditut euskarari dagokionez: euskalgintzarena eta gizarte orokorrarena; alegia, euskalgintzak eta gainerako gizarteak berariazko ibilbideak dituzte, baina ez konbergenteak.

Euskalgintza prestatua, sendoa, dinamikoa eta ongi antolatua da. Eragileen arteko elkarlana, aliantzak eta sareak gero eta ugariagoak eta trinkoagoak dira. Bide onetik doa eta txalogarriak dira egindako ahalegina eta eskuratutako lorpenak; baina…

Zer dela eta, kezka hori? Arrakala handia antzematen da euskalgintzaren eta Euskal Herriko gizarte arruntaren artean. Susmoa dut euskararen aldeko ekimen gehienak euskaltzale aktiboen eremuan gelditzen direla; ez direla euskaltzale epelengana eta, are gutxiago, euskaltzale ez direnengana iristen. Hots, gizartearen gehiengoa lekutan dago euskalgintzaren jardunetik eta eraginetik.

Egia da euskararen aldeko zenbait ekimenek oihartzun txukuna lortzen dutela gizartean edo horren arlo batzuetan, hala nola Ibilaldia, Nafarroan Oinez, Araban Euskaraz, Herri Urratsak eta euskara aldarrikatzeko egiten diren antzeko jaiak; baita gizartean hain sona handia eskuratzen duen Korrika ere. Ezin dira ahaztu Euskaraldia, bertso txapelketa entzutetsuak, edo gazteei bideratutako EuskarAbentura. Hortxe daude ere tokian tokiko planak eta programak. Ekimen ederrak eta emankorrak ditugu abian, baina gizartearen zein zatitan dute eragina? Ehuneko hamarrean eta, arrakastatsuenak, heren batengan? Motz gelditzen dira eta, hartara, zaila baino zailagoa izango zaigu euskara dagoen txokotik ateratzea, eta ezinezkoa gure gizartea guztiz euskalduntzea.

Zubiak falta dira euskalgintzaren eta gizarteko bestelako eragileen artean. Ez dira nahikoak bi mundu horiek lotzen dituzten oinezkoen zaldainak edo pasabideak. Euskalgintzaren eragina gizarte zabalera hedatu ahal izateko errei zabaleko zubiak behar ditugu. Adibidez, gizartea eraldatzeko feminismoa izaten ari den bezainbesteko oihartzuna behar du euskarak; edo aldaketa klimatikoak piztu dituen tamainako kezka eta ardura.

Kontuan izan behar dugu ohiko hedabideak eta eremu digitaleko sareak direla egungo gizarte mediatikoan norbanakoen zein gizataldeen agendak ezartzen dituztenak. Gakoa da, beraz, euskalgintzaren eta gizarte zabalaren arteko euskararen komunikazioa areagotzea. Horrek bihurtuko du euskara trending topic gure gizartean eta, horrekin batera, hizkuntza aldaketa hauspotuko da.