argia.eus
INPRIMATU
Behin bakarrik loratu ahal
Jakoba Errekondo 2020ko otsailaren 06a
Ogiaren zuhaitza deitzen den honetatik bostehunen bat baino ez dira geratzen mundu guztian. Eta denak arrak dira. Beraz, ezingo da hazitik sortutako alerik ezagutu. Ale ar horien zatietatik ugaldutakoak izan beharko dute.

Loratu da. Makina bat aldiz erabiltzen den esamoldea. Loratzea, ez da soilik lorea ematea. Lorea ematea bizitza batek, egitasmo batek, ekintza batek edo dena delakoak gailurra edo helburua iritsi duela adierazten du.

Ezkutukoak eta ia antzematen ez diren loraldiak badira, landare askok ez dute atentzioa eman behar hori; haizeak egingo du polinizatzailearen lana eta hura erakartzeko ez dute kolore, forma edo lurrin berezirik hedatu behar. Lore gehienak, eta loratzeak, loraldiak, ikusgarriak dira. Horrek erakartzen digu arreta eta deigarri gertatzen zaigu. Loreak liluratu eta txoratu egiten gaitu.

Horretarakoxe eraikitzen du lorea landareak, animalioi, polinizatzaileoi gogoa bahitu eta beretzat lan egin dezagun. Garrantzitsuena, ordea, lore horrek emango duena da.

Lore gehienak hermafroditak dira; hau da, atal emea eta arra dituzte. Beste batzuek atal bakarra dute, sexu bakarrekoa, emea edo arra. Arrak polena soilik askatuko du. Emeak polena hartu eta ernaldu ondoren fruitua ekarriko du. Fruitua da landarean helburua. Hobe esanda fruitua ez, fruituan dagoen hazia da landarearen helburu nagusia.

Haziak biziberritzearen itxaropena dakar. Ez soilik landare amaren biziberritzea; hori atzerapauso nabarmena litzateke naturan, izan ere belaunaldi berri bat ekarri eta aurrekoaren berdin-berdina izatea atzera egitea da. Hori da klona edo kopia; horrek ez du etorkizunik naturan. Naturan belaunaldi berriak ezaugarri berriak, indar berriak, bizitzeko kemen berriak dakartza edo bereak egin du. Berritasun hori emearen eta arraren nahasketatik edo hibridaziotik sortzen den haziak du. Ez amaren ez aitaren kopia hutsa izango ez denak, bietatik zerbait izango duenak, baina berria izango denak. Guri ere antzera gertatzen zaigu: amataitan ondorengoak gara, baina bakoitza desberdina, berria. Antza emango dizute, batena edo bestearena, edo amonarena edo birramonarena, baina bakarrak gara. Landareetan ere berdin gertatzen da, ondorengo guztiak desberdinak izango dira, bakarrak. Gero egokitzeko eta espezieak aurrera egiteko aukera gehiago izango du, ondorengo desberdin asko izanik.

Baina lan ikaragarria da haziak sortzeko hori. Landare batzuek milaka sortzeko gaitasuna dute. Urtea joan, urtea etorri ezin konta ahala hazi ekartzeko gai dira. Beste batzuek, ordea, urte askotako bizitza osoa lore bat eta bakar bat ematera bideratuko dute. Lore hori zabaltzen dutenean ernaldu, fruitua heldu, haziak hedatu eta hil egingo dira. Lore bakar hori noiz eman ondo baino hobeto pentsatzen eta prestatzen dute. Horrelakoak dira, adibidez: agabea (Agave americana), banbu asko eta Yucca generoko landare ugari, hogei urtez loraldia antola dezaketenak; Corypha umbraculifera eta Tahina espectabilis palmondoek 30-100 urte behar dituzte loratzeko, Andeetako Puya raimondii bromeliazeoak 70-100 urte behar ditu bere loratzea eta hileta prestatzeko.

Landare horiek urtero loreberritzea zer den ez dakite.