argia.eus
INPRIMATU
Aldaketaren teoriak eta praktikak
Karmelo Landa 2020ko urtarrilaren 28a

Diskurtso parlamentario bikain batek ez du, berez, gauza handirik aldatzen. Negoziazio eta akordio zehaztuek ere ez dakarte, sarritan, adostu dena gero errealitatean gauzatzea. Hauteskundeetan gehiengo zabala lortuta ere, programak ez dira gehienetan betetzen, kanpainan puztu diren globoak, gero botere faktikoen arantzetan zulatu eta hustu egingo bailiran. Zeintzuk dira, orduan, aldaketa politiko eta sozial sakonen klabeak? Galdera hau testuinguru egokian kokatu beharko dugu, erantzun argigarririk lortu nahi badugu. Hasteko, aldatu nahi denaren dimentsioa eta neurria ondo kalibratu beharko ditugu, helburu horietarako aktibatu behar diren indarrak ondo kalkulatzeko.  

 Frantziako Estatuan Jaka Horien mugimenduak Macronen agintea krisi sakonean jarri eta atzera egin beharrean jarri duena, duela urte eta erdi luze hasi zen, arazo puntual baten inguruan –autoen erregaien prezioaren igoera–, baina hortik beste gai sozial sakonagoetara hedatu da –pentsioak, adibidez– eta itxuraz sendoa eta indartsua zen gobernuan eragin du, mugimenduaren hedadurari eta borrokarako grinari esker. Instituzioen eremutik kanpo, legeei aurka egin eta gaindituz, errepresio gordina jasoaz, baina aurrera doa arrakastaz, eta ez dakigu noraino hel daitekeen.

Bi estrategia desberdin eta, neurri batean, kontrajarri plazaratu dira Kataluniako independentzia zaleen artean: bata, ERCk ordezkatua, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidea lehenetsiz, hauteskundeetan emaitza onak lortu ondoren, aurrean eta aurka duen Espainiako Estatuaren jarrera aldatu nahian, eta horretarako gobernu aurrerazalearen osaketa erraztu eta honekin negoziazioak burutu asmoz; bestea, aldiz, JxCat zein CUP alderdiek eta zenbait herri erakundek hauspotua, independentzia lortzeko autodeterminazioaren gauzatzea lortu nahi duena, Espainiako Estatua zein Gobernua aurka izanda ere, horietatik kanpoko palankak lehenetsiz; estatutik kanpoko eremuan jokatuz eta Katalunian bertan herritarren mobilizazioa eta instituzioen desobedientzia bultzatuz. Kasu honetan ere, prozesua irekita dago, bi posizioak lehia bizian dira eta ez dago argi zein bide nagusituko den, baina dagoeneko zenbait ondorio interesgarri atera daiteke bi bide horietako bakoitzak orain arte lortu dituen emaitzen inguruan.

Gurean ere baditugu aztertzeko modukoak, euskal presoak etxeratzearen aldeko mugimendu luze, sakon eta zabala, edo euskal pentsiodunen mugimendu berri indartsua, kasu. Greba orokorrerako deialdia izan dugu, arrazoiz eta motiboz kargatua. Herri mugimenduez gain, nazio osoko sindikatuek ere gurean mobilizazio jarraituaren, grebaren eta borroka grinatsuaren bideari ekiten diote, aldaketa sakonak beharrezkoak direlakoan, eta horiek lortzeko, parlamentarismoa eta elkarrizketa politiko konbentzionalak nahikoa ez diren konbentzimenduan. Galdera da: badago gurean, une honetan, ildo hauekin bat datorren indar politikorik? Ez ote daude bertoko indar politiko guztiak, gaur egun, balizko gobernu progresisten eta hauekiko negoziazio parlamentarioen edo “diskretoen” itxaropen dudazkoan guztiz harrapaturik? Edo bestela esanda, estatu propioa nahi duenak, dagoen estatu-estatus barruan bertan lor ditzake horretarako baliabide nahikoak? Ez al du hortik kanpoko eta gaindiko palanka indartsurik beharko?