Bederatzi heldu eta lau adin txikiko bizi dira Amaraunan. Hiru hektarea inguruko lursaila ere badu komentuak: fruitu-arbola ugari eta baratzea dituzte bertan.
Duela zenbait urte mojek alde egin zutenean hutsik gelditu zen Ziordiako komentu zaharra. 2015ean lau lagun jarri ziren ondoko eraikinean bizitzen, eta erdi oharkabean gaur egun proiektu kolektibo bihurtu den Amarauna gunearen lehen pausoak eman zituzten: “Lagun baten bitartez jakin genuen mojek joan egin behar zutela eta komentua zaintzeko norbaiten bila zebiltzala”, esan du Jordi Arbizu kideak. Hasiera batean lagunen arteko elkarbizitza proiektua izan behar zuenak beste forma bat hartu zuen segituan.
Bederatzi heldu eta lau adin txikiko bizi dira gaur egun Amaraunan. Guztiak dira proiektuko asanbladako kide, eta guztien artean arduratzen dira espazioa kudeatzeaz. “Bazkideak ere badaude, eta horiek ere espazioa darabilte bai erabilera pertsonal eta baita ere kolektiborako”. 30 bat lagun dira guztira eraikineko bazkide, eta bestelako taldeentzat zabalik dituzte ateak.
Ekologismotik, feminismoetatik nahiz herri mugimenduko beste esparru batzuetatik iritsi den jendeak osatzen du proiektua. “Beste erlazio mota batzuk jorratu nahi ditugu hemen, eta Euskal Herriko kolektiboei erreminta eskaintzea ere bada gure helburua: kanpaldiak, egonaldiak eta horrelakoak egiteko gune bat ematea”, dio Arbizuk.
Eraikin zabalaz gain, hiru hektarea inguruko lursaila du komentuak: fruitu-arbola asko eta baratzea egiteko lurrak dituzte bertan. “Hasiera batean baratze pertsonalak eta baratze komunal bat izan genituen martxan, baina gaur egun kolektiboko bi pertsona ari dira baratzegintza ekologikoan lanean, bizibidea hori dutela”. Amaraunera joaten diren taldeei baratzeko elikagaiekin prestatzen dizkiete otorduak askotan. Fruitu-arbolen zaintza, berriz, denen artean egiten dute.
Lehen lau urteak urteroko alokairu kontratuak sinatuz eta berrituz pasatu ondoren, aurten apustu handia egitea erabaki dute proiektuko kideek. Gunea saltzera ateratzekoa zen, eta zalantza eta eztabaida askoren ondoren, erostea erabaki dute: “Ez zen hasierako gure asmoa, baina urteotako ibilbidearen ondoren ikusi dugu jendea pozik dagoela, proiektua funtzionatzen ari dela eta espazioa mantentzeko gai garela”. Bankuekin zorpetu gabe erosketa egitea da euren erronka, orain. Proiektua babestu eta laguntzeko proposamena luzatu diete pertsona nahiz kolektiboei: espazioa erabiliz, ekarpen ekonomikoak eginez, proiektua zabalduz… Amaraunaziordia.wordpress.com helbidean dago informazio guztia.