argia.eus
INPRIMATU
Herrenak
Edu Zelaieta Anta 2020ko urtarrilaren 21

Osasun erakunderen batean irakurri zuen M.-k berezko bi arrisku dituela Gizarte Langintzaren lanbideak: (I) erabiltzaileen edota haien familien zama emozional gehiegizkoa eta (II) erabiltzaileen edota familien balizko erasoak. Hala ere, gidaliburu horretan agertzen ez zen hirugarren kontu bat izan zen lanpostu publikoa uzteko kausa: administrazioak berak eragindako estresa.

Bi hereneko lanaldian hasi zenean osasun mentaleko 90 pertsona inguru (gehi haien familiak) zituen kasu egiteko, eta lana uzteko momentuan, berriz, 140. Bitarte horretan, administrazio publikoak ez zion baliabide espezifikorik eman eskatzen zitzaion lana egin zezan. Hortaz, erraz uler daiteke pertsona horiek merezi zuten tratua jasotzeko beretik jarri izan behar zuela M.-k, bere denboratik, bere bizitzatik, baita, azkenik, bere osasunetik ere: duela bi urte, lana utzi baino hilabete pare bat lehenago, lesio bat agertu zitzaion hanka-zolan, eta terapia psikologikoa ere egiten ari da ordutik.

Gero eta argiago ikusten du M.-k. Gero eta hobeki ulertzen du, lan on baten izenean, zenbait urtetan berari (ere) gertatua. 2020an sartuta, aspaldiko partez, leunduz doaz arimaren eta hankaren herrenak.