argia.eus
INPRIMATU
Jostailuzko sukaldeak denontzat
Itziar Bardaji Goikoetxea 2020ko urtarrilaren 14a

Txikitan Olentzerok inoiz ez zidan ekarri nini txiki baten itxura duen panpinik, nenuco edo horrelakorik. Amak esaten zuen neskek ez dugula ikasi behar gure bizitzaren patua ama izan eta umeak zaintzea denik. Ni bezala, asko, gu ez gara gizonezkoak baino gutxiago. Haiek bezainbat egin dezakegula frogatzen saiatu gara, baita gizonezkoen espazioak konkistatzeari ekin ere: lidergoa, bozeramailetza, indarra, irmotasuna, arrazionaltasuna, botereari...

Oker gaude baina. Ezin dugu haien espazioa menderatu, geureganatu. Bertan sartzen den emakume edo bestelako ez-gizona (ez txuria, ez heteroa, ez cisa, ez-gaitua…) gizon bihurtu beharko da, gizarteak gizontasuna gaizki ulertzen duenaren arabera, eta emetasunarekin lotzen dena ukatu eta ezkutatu: zaurgarritasuna, ahultasuna, emozioa, zaintza, entzutea, enpatia, umiltasuna. Gazte asanbladan, lantokian, eko-herri okupatu batean edota Bilderberg klubean, gizondu ala botere modu hori ez elikatzearren, alde egin dezagun.

Esan nahi dut, horrekin guztiarekin, Olentzerok neskei baloiak ekartzea baino garrantzitsuagoa dela haur guztiei jostailuzko niniak, erratzak eta sukaldeak oparitzea.