argia.eus
INPRIMATU
Apartheid izeneko tranbia
Ruben Sánchez Bakaikoa @arlotea 2020ko urtarrilaren 14a

Andrés Arizkorreta CAFeko presidente exekutiboak irailaren 29an El Diario Vasco-ri emandako elkarrizketa batean zioen nazioarteko legediari begiraturik Jerusalemgo tranbiak ez duela eragozpenik. Beharbada, tranbiaren bagoiak berak ez dira ilegalak, ez dakit tranbiak ibili beharreko trenbidea bera ere ilegala den, hitz-jokoak dira azken batean, izan ere, badaezpada, Andrés: tranbia horrek Jerusalemekin lotu behar dituen koloniak bai dira ilegalak. Ooooso ilegalak nazioarteko legediaren arabera.

Horregatik langile batzordeak eskatu du CAFek ez dezala fabrikatu tranbia hori. Ez da borroka erraza izango, eta langile horiek dira aldi berean borroka horren indar nagusia, baita kapitalaren erasoaren jomuga ere. Gure dilista platera ukitzen ez dutenean erraza da solidarioa izatea, baina hemen horrexekin mehatxu egiten du Andrés Arizkorretaren talde exekutiboak. Tira, mehatxu ez, informatu egiten du.

CAF maiz agertu da El Diario Vasco zein EITBren publi-erreportajeetan, milaka pertsonei lana eman eta bizimodua aurrera ateratzen laguntzen dien euskal enpresa handi gisan, esan gabe doa, “puntako”, “mundu mailako” eta kalitatezko Q handi batekin. Pentsa, 500 milioi euro daude jokoan Jerusalemen, langileok, denontzako lana, aberastasuna, etorkizuna. Eta fabrikatu ezean, berriz, badakizue, beharbada lanpostu batzuk kolokan, eta pertsona batzuek aza jaten bukatuko dute hurrengo urtezahar gaua. Egoeraren berri ematen ari gatzaizkizue, besterik ez.

Hala egongo ote dira Jerusalemgo tranbia fabrikatzeari uko egin dioten Veolia eta Alstom enpresetako langileak, Andrés? Izan ere, Andrés, kasu honetan, behintzat, 500 milioi euroko kontratua lortzeko bi lehiakide handi apartatu izana lagungarri izan da, ezta?
Enpresa batean garrantzitsuak dira inbertsioa, ikerkuntza, lantaldeak, teknologia, lehiakortasuna, konpromisoa, ekologismoa eta kalitatezko Q handi bat izatea. Baina, letrarik ederrena, CAFeko langileek merezi dute: elkartasunaren E handi bat. Lagundu ditzagun borroka honetan, sentitu dezatela CAFeko nagusiek langileez gain, herritar gehienon gaitzespena.

Ekialdeko Jerusalemgo eta Zisjordaniako okupazioa ilegala da; kolono sionistek lurra, ura eta bideak lapurtzen dituzte ilegalki, harresi erraldoi bat ere eraiki dute koloniak babesteko. Eta orain tranbia hau nahi dute palestinar lurraldea areago zatikatu eta bizi-ezin bilakatzeko. Ez diezaiegun eusko labelik eman.