Kalvträsk (egungo Norvegia), duela 5.200 urte. Eskandinavian bizi ziren gizakiek eskiatu egiten zuten, garai hartako eski bat topatu baitzuten. Ez da hori elurretako jarduera horren arrastorik zaharrena; Vis-en (egungo Errusia) duela 8.000 urteko arrastoak topatu dituzte eta bada Txinan duela 10.000 urte eskiatzen zutela uste duenik ere. Hortaz, eskiaren jatorria ez dago argi. Baina argi dago Eskandinavian Antzinarotik eskiatzen dutela
Eskandinaviar mitologian ere eskien gainean irristan ibiltzen ziren jainko-jainkosa batzuk. Badirudi Ullr jainko nagusietakoa zela antzina, baina garrantzia galdu zuela, eta, horregatik, iturri idatzietan hari buruzko informazio gutxi jaso zen. Haren irudiek, ordea, informazio gehiago ematen dute: eskiekin agertzen da gehienetan. Skaði, bestalde, neguaren, mendien eta ehizaren jainkosa zen, eta bera ere arkua eskuetan eta eskien gainean irudikatu ohi zuten.
Vikingoak gerrari anker eta basatitzat ditugu, baina denbora gutxi ematen zuten horretan. Arpilatzea ez zen haien jarduera ekonomiko nagusia, nekazaritza baizik. Negu luzeko elurrak eta izotzak urtuta, udaberri amaieran, lurrak prestatu eta laboreak ereiten zituzten. Ekainean, Ipar itsasoko urak baretzen zirenean irteten ziren itsasora. Eta orduan ere, denbora gehiago ematen zuten nabigatzen beste herriak sarraskitzen baino. Gainera, uztailaren amaieran itzuli ohi ziren, uzta biltzen hasteko. Iraila amaieran, negu gogorrerako prestatzen hasten ziren: uztak ondo gordetzen zituzten, abereak aterpean babesten zituzten, tresnak egiten eta konpontzen zituzten… Ia urte erdian elurrak lurra estaltzen zuenez, ehizan aritzeko edo batetik bestera joateko eskien gainean ibili behar zuten.
Beraz, iparraldeko gerlari beldurgarriek askoz denbora gehiago ematen zuten eskiatzen, borrokan baino.