argia.eus
INPRIMATU
Laino egunak
Itxaro Borda 2020ko urtarrilaren 08a

Urtea hasi zaigu laino pean. Gristasun zilarrak, aldi berean, lurreko bizidunak gerizatzen ditu eta arazoak begi bistatik kentzen, gure egunen anbiguotasunaren ikur bilakatuz. Alta, noiztenka, eguzkiak zama uher hori zulatzen du, bihotzetan emozio sinets ezina piztu bitartean. Urtats gaua gurbila izan da, halaber bitez ondoko hamabi hilabeteak, zotal-egunak barne.

Aturri hegian nago pentsatzen. San Izpiritutik ez dut udaletxea ikusten. Bost axola. Uraren azaletik laino piltzarrak altxatzen dira amultsuki eta entzungailuak belarrian, Alos Quartet eta MICE hautematen ditut aldizka, argitasun kontrastatuak zartaraziz arrats apala nola erortzen den Baiona gainera miretsiz. Ikusgarri ederragorik ez da. Maite Larburu, Mursego, Jeremi Garat eta Ibon RG gehituz, hor daukat eskura, 2020ko soinu banda distiratsua.  

Aurten ere musika on-ona beharko dugulako, laino, hodei, enbata, galerna eta haizete iragarriak jasateko; Macronia-ko karrikak mukuru daudenean edo etxean bakarrik gaudenean, ETB Kantxa kirol saioan, Mikel Urrutikoetxearen eta Aimar Olaizolaren binakako txapelketako balentriak pantailan jarraitzeko.

Bake eta zorion zuri, irakurle...