Jende askok pentsatzen du immigrazioaren inguruko zurrumurru eta estereotipoei aurre egiteko tresna eraginkorrena eta bakarra datu estatistikoak direla. Argi dago, fenomeno honen errealitatea era argi eta zehatzean ezagutu behar dugu ezinbestean; dena den, zenbakien mugak eta ahuleziak mahai gainean jarri behar ditugu.
Sarritan ikusi ohi dugu immigrazioaren arloan, errealitatea eta pertzepzioa ez datoz bat. Urtetik urtera, esaterako, immigrazio kopuruaren pertzepzioa errealitatearena baino altuagoa da eta gaur egun zifra hau %10ekoa bada, pertzepzioa %17koa da. Baina 2007an, etorkinen kopurua %5,7koa zenean, pertzepzioa %17,9koa zen, gaur baino altuagoa etorkinen kopurua gaurkoaren erdia zenean. Zentzu honetan, argi izan behar dugu errealitate estatistikoaz gain komunikabideen tratamendua edota diskurtso politikoek eragina dutela pertzepzio hauen eraikuntzan.
Arazoa ez da soilik jasotzen den informazioa egokia edo erratua izatea, hala izango balitz datu estatistiko zorrotzak ematearekin nahikoa izango litzateke zurrumurruen zein aurreiritzieen aurka egiteko. Aurreiritzien osaketan elementu arrazionala dago –jasotzen dugun informazioa–, baina baita ere dimentsio emozionala. Burua eta bihotza daudela aurreiritzien baitan alegia.
Horrela izanik, aurreiritziei kontra egin nahi badiegu, bi aldeak landu behar dira, arrazionala eta emozionala; lehenengoarekin ez da nahikoa izango. Lehenik eta behin, emozionaltasunaren arlo horretan, garrantzitsua da nolabaiteko enpatia erabiltzea gerturapenean. Adibidez, ezer gutxi lortuko dugu jendeari arrazista deitzen badiogu ezagutu orduko. Bigarrenik, agian merezi du diskurtso bertutetsu eta perfektuak zokoratzea eta errealitatean gertatzen diren esperientzien bidez immigrazioaren fenomenoaren normaltasunaren laudorioa egiteak. Honen bidez, datu hotzak eta urrutiko adibideak zokoratuz eta gertutasuna eta egunerokotasunari garrantzia emanez. Era berean, espazioak garrantzitsuak dira, hitzaldiak interesgarriak izan daitezke, baina aisialdietan edota festetan espazio egokiak bilatzea ere estrategia oso eraginkorra izan daiteke.
Laburbilduz, datuak bai, emozionaltasuna ere bai. Informazio zorrotza eman behar dugu immigrazioaren inguruko zurrumurruei aurre egiteko; baina era berean bihotzera eta erraietara ailegatzen diren istorioak landu behar ditugu, elkarbizitza arriskuan jartzen duten aurreiritziei aurka egin nahi badiegu behintzat.