argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Bidaiatzeaz
Aritz Galarraga 2020ko urtarrilaren 08a

Urte berria hasi da, are hamarkada –eta Jainkoak konfesatuta harrapa gaitzala–. Jendea hasi da jada urte berrian zehar egin beharreko bidaiak prestatzen, are hamarkadakoak amesten –gure larruan sufritu dugu eguberriotan–. Baditugu lagun batzuk etengabe bidaiatzen dutenak. Eta gero noski beren bidaietako argazkiak oparitzen dizkigutenak: ez garai batean bezala diapositiba emanaldiekin –ados, oso zaharrunoa da erreferentzia–, baina sare sozialen bidez –batez ere Instagram; ahalik eta arropa gutxienarekin, uda izan nahiz negu–. Zalantza bera sortzen zait beti: jende horrek bidaiatzen du bidaiaren beraren esperientziagatik, esperientziak zabaldu, aberastu, eraldatzen dituelako, edo argazkiak ateratzeko soilik, eta gero guri muturren aurrean pasatzeko, zeinen zoriontsuak diren? Areago: jende horrek bidaiatzen du bidaia beragatik, edo ezin duelako leku berean denbora askoz geldirik egon? Inbidia handia ematen didate bidaiari konpultsiboek, baina bost segundoz edo, pentsatzen dudan arte maleta prestatu beharko nukeela.

Eguberriotan, hain zuzen, Zeelanda Berriko neska bat ezagutu dugu –autoktonoa, ez Zeelanda Berrian bizi dela dirudien euskaldun horietako bat–. Eta gauza oso interesgarriak kontatu dizkigu bere herrialdeaz –ez dutela elkar ia ukitzen, seme-alabak oso goiz hasten direla gurasoengandik banantzen, gaueko bederatziak aldera joaten direla ohera–, baina, kontxo, herrialde benetan interesgarria dirudien arren, ezagutzeko modukoa, irudikatzearekin bakarrik hogeita lau ordu –egun bat!– baino gehiago pasa beharko nukeela hegazkinean sartuta hara iristeko, gogo guztia joaten zait. Eskerrak mundu guztia ez den ni bezalakoa, eta batzuek egiten duten esfortzua beren ohiko lekuetatik gurera etortzekoa, ni bezalako sedentarioek leku horien ezagutza gutxienik ez-zuzena izan dezagun. Horrela ere, zin degit, bidaia ahaztezinak egin daitezke eta.