argia.eus
INPRIMATU
Gernikako Estatutuaren erreforma amaigabea
  • Ez da izango samurra munduan topatzea erreformatzen hasi eta oraindik amaitu gabe dagoen legezko testurik. Edo bai, akaso mundu zabalean izango dira hainbat. Edozein kasutan Gernikako Estatuta goian legoke erreformatzen hasi eta amaitu ezin dabiltzanen ranking horretan.

Xabier Letona Biteri @xletona 0000ko ren 00a
Ibarretxe eta Urkullu lehendakariak elkar besarkatzera doaz.
Ibarretxe eta Urkullu lehendakariak elkar besarkatzera doaz.

2001: Ibarretxe Plana
Ibarretxe Lehendakariak 2001eko irailean Gernikako Estatutua erreformatuko zela iragarri zuen. 2004an Estatutu Politiko Berria onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Batasunak gogor egin zuen planaren aurka, baina azkenean Legebiltzarrean behar zituen aldeko hiru botoak eman zizkion. Espainiako Kongresuak berretsi behar zuen, baina honek eztabaidarako ere ez zuen onartu.

2006ko urria: erabaki eskubidea Loiolan
ETAren su-etenaren baitan, EAJk, PSE-EEk eta Batasunak elkarrizketa politikoak izan zituzten Loiolako Santutegian. Lortutako aurreakordioan onartu zuten euskal herritarren erabakitzeko eskubidea eta EAEn eta Nafarroaren arteko organo bateratua. Azkenean akordio hura ez zen sinatu.

2008ko kontsulta
Ibarretxe Lehendakariak bere estatutu berritua kontsultara eraman nahi izan zuen, baina Espainiako Konstituzio Auzitegiak debekatu egin zuen. Hor amaitu zen Ibarretxe plana. "Josu Jon Imazen EAJk" ere –hala deitzen zuten hedabide unionestek EBBko lehendakaria– ez zuen ezer egin Estatutu Berriarekin jarraitzeko eta jeltzaleek historiaren tiraderan sartu zuten.

2012: Urkullu eta Ortuzarren EAJ
EAJk Iñigo Urkullu aurkeztu zuen lehendakaritzarako eta bere hauteskunde programan legealdiaren amaierarako Gernikako Estatutua berritzeko proposamena aurkeztuko zuela agindu zuen. Ez zuen agindua bete.

2016ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak
EAJk legealdi amaierarako estatutuaren erreforma proiektua egina izango zuela agindu zuen berriz bere hauteskunde programan. 2018an EH Bildurekin oinarriei buruzko aurreakordioa ere lortu zuen, baina berau testu idatzi batera eramateko ardura aditu talde baten esku utzi zuten. Urtebeteko lanaren ondoren, EAJk, EH Bilduk, PSEk, EPk eta PPk izendatutako ordezkariek ez dute testu bateraturik lortu eta testu nagusia berriz geratu da alderdien esku.

2020: berriz hauteskundeak, berriz erreforma
Hauteskundeak egingo dira eta EAJk berriz aginduko du hauteskunde programan Gernikako Estatutuaren erreforma egingo duela. Urkullu lehendakariak dio egindako proposamena "bideragarria" izan behar dela. Eta ez bada, betoz beste 20 urte.