Euskal pentsionista solidarioek 101 egun bete dituzte abenduaren 16an Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako eta herri ugaritako udaletxeen aurrean elkarretaratzen. Astelehenero bezala –eta jadanik bi urte dira– iraunkortasuna, irmotasuna, batasuna, transbertsalitatea eta elkartasuna erakutsi dute. Borroka sozialaren eredu izan dira.
Agintean dagoen sistema kapitalistaren kontrako borroka da –aginte horrek, administrazioaren laguntzarekin, plan pribatuak sustatzen ditu sistema publikoaren kaltetan–. Borroka solidario eta zeharkakoa da, kolore eta ideologia askotako pentsionistak batu baititu. Belaunaldi artekoa ere bada, eurentzat ez ezik, seme-alaba eta bilobentzat ere exijitzen dituztelako pentsio publiko duinak. Gutxieneko pentsio eskasak jaso eta soldata prekarioak dituztenekin ahazten ez den borroka da honakoa.
Euskal pentsionistek jakin dituzte uztartzen udaletxe aurreko asteroko mobilizazioak beste manifestazio jendetsuekin, baita Madrilera egindako martxarekin ere. Beraien aldarrikapenak ez dira aldatu: egiazko KPIaren arabera birbaloraturiko pentsioak, gutxienez 1.080 eurokoak; 1.200 euroko gutxieneko soldata; eta Eusko Jaurlaritzak nahiz Nafarroako Gobernuak osatu dezatela gutxieneko hori.
Gainerako jendartearekin solidarizatu dira, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilean deituriko greba orokorrarekin bat egin dute. Lan-erreformaren kontra, pentsio duinen alde, 65 urterekin jubilatu ahal izateko, 35 orduko lan-astea edukitzeko… Zorionak pentsionistak! Ideologia anitzarekin bat eginik, jarrai ezazue aldarrikatzen: “Agintzen duenak agintzen duela ere, beti pentsioen alde”.