argia.eus
INPRIMATU
Badatoz XXI. mendeko sorginak
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2019ko abenduaren 11
Ordu beltzak |  SUA | Airaka, 2019

Suak baditu ezaugarri bereizgarri batzuk oso indartsuak direnak. Suak energia dakar, suntsitu dezake, baita txarrak kendu eta onak ekarri ere. Argitasunarekin ere badu lotura zuzena, baita beroa ematearekin ere, babesarekin. Horiek guztiak ditu laukote honek.
Maruri-Jatabeko (Bizkaia) talde gazte hau indartsua da eta egungoa eraldatzera dator orain arteko eragin askoren errautsen gainetik bere eskaintza birsortuz. Urte eta erdiko epean Gaztea maketa lehiaketa irabazi eta Bilbao BBK Live jaialdian ere parte hartu du eta kontzertu ugari ematen dabil.

Taldea Ane Barrenetxea (ahotsa), Janire Lopez (baxua eta teklatua), Julen G. Wright (gitarra) eta Esteban Gabiriak (bateria) osatzen dute. Lehenengo biak Dekot taldearen hastapenetan arituak, eta Gabiria Educados taldean.

Aurten Sua izeneko lau abestiko EPa kaleratu dute, eta oraintxe Ordu beltzak izeneko lan luzea. Irekita daude estilo askotara eta energia zein samurtasunak, biak, dituzte. Euskara –beraien ama hizkuntza– eta ingelesa –entzuten dutenaren isla– dira aukeratutako hizkuntzak, eta bai batean zein bestean emaitza oso aberatsa da, betea, Anek ingeleserako ere dikzio oso txukuna dauka-eta.

Introan Belako gogora ekarri didate nahiz eta pieza are eta ilunagoa izan. 1021 misteriotsua da, melodikoa, indartsua, itsaskorra eta baita ere Riot Grrrl-en eskolakoa. Ordu beltzak-en nabarmentzen da Anen ahotsa eta rockarekin, indiearekin eta grungearekin dantza egiteko erritmoak jartzen dituzte. Reddish-ek edaten du Pixies jostarienetatik eta oso-oso melodikoa da. Zapatu gaua II hazten doa –gaua bezala– intentsitatez eta melodia borobil-borobilez. Shake it out misteriotsua da, intrigako erritmoekin eta ia-ia orkestrala bilakatzen da. Euri gabe, lorerik ez dantzagarriena eta zirikatzaileena da, new wave gitarra eta guzti. Shame indartsua da, riff rockeroekin, eta punk-rocketik barrena ia dark-technoan amiltzen da. Gau(ero) bizkaieraz xuxurlatutako kantu post-rock minimalista erakargarria da. Eta, bukatzeko, Cliff pieza ederra, pop eta post giroetan blaituta eta barrenak hustutzetik daukana… A ze interpretazioa!