argia.eus
INPRIMATU
Semillas Elosegui
Hazi denda baten itxiera sinbolo bihurtzen denean
Garazi Zabaleta 2019ko abenduaren 12a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

"Semillas Elosegui honena

ez degu marka makala

merezi du ta aitortzeko gaur

hemen elkartu gerala

eta aurrera hemen gaudenok

opa baitiogu hala

auzo honetan poza ereiten

luzaro jarrai dezala".

2014ko maiatzean Donostiako Parte Zaharreko hazi denda historikoaren mendeurren ospakizunean Unai Gaztelumendik botatako bertsoa izan zen hori. Geroztik bost urte gehiago egin ditu Semillas Eloseguik, baina agur betean sartuta dago. Abenduan behin betiko itxiko ditu ateak Fermin Calbeton kaleko saltokiak, jabearen erretiroa dela-eta. 

Hazi gutxiago eta turista gehiago

Donostian bultzatu den hiri ereduaren erakusle izan daiteke, alde batetik. Ez da Parte Zaharrean itxi den betiko lehen denda izan, eta gehiago ere etorriko dira seguraski, gauzek berdin jarraitzen badute behintzat. Kaleak bizilagunek baino gehiago turistek betetzen dituztenean, bertako auzokideentzako denda eta guneek ere geroz eta toki gutxiago dute, nahitaez. Haziera proiektuko Marc Badalek argi du denda ixteko arrazoia jubilazioa izanda ere, atzean hori baino gehiago ere badagoela: “Lehen bazegoen beste hazi denda bat, Semillas Mocoroa, eta hura ere itxi zuten. Kasu honetan jabea jubilatzen da, baina atzean dagoena zerbait estrukturalagoa da”.

Baserriaren eta nekazaritzaren galera gertatzen eta hazien ekoizpena eta salmenta are gehiago monopolizatzen ari diren honetan, zer toki dute Semillas Elosegui bezalako dendek? “Lehen baserritarrak Donostira saltzera joaten ziren eta bertan haziak erosteko aprobetxatzen zuten, abereentzat edo zelaietan ereiteko. Lehen sektorea guztiz aldatu da, eta urteotan negozioa moldatzen joan bada ere, bere zentzu originala galdu du”, dio Badalek.

Cristina Eneako Hazieratik azken bisita eta omenalditxoa

25 pertsona inguru hurbildu dira abenduaren 3an Cristina Enea Fundazioko Haziera proiektutik Semilla Elosegui dendara antolatu duten bisita eta agurrera. Gunea beteta, dendariarekin hizketan aritu dira tarte luze batez. “Hurbildu direnek ere esaten dute hiria nortasuna galtzen ari dela azken urteetan”. Hiri ereduaz gain, hazien monpolizazioaren inguruan ere solastu zaie dendaria. “Kontatu digu nola duela 30-40 urte hazien enpresek merkatu nahiko lokal eta erregionala zutela, Iruñetik edo Arabatik ekartzen zituzten hazi gehienak”. Gaur egun, multinazional handi gutxi batzuen eskuetan gelditzen ari da hazien merkatu osoa. “Dena jaten ari dira kanibalismo korporatibo horrekin”, amaitu du Hazierako kideak.