argia.eus
INPRIMATU
Koreomania: dantza eta gaitza
  • Bernburg (Alemania), 1020ko abenduaren 24a. Hamazortzi herritar kontrolik gabe kantuan eta dantzan hasi ziren herriko eliza nagusiaren inguruan, eta Gabon eguneko meza eten zuten. Fenomeno horri koreomania esaten zaio, baita korea, dantzaren gaixotasuna edo San Bitoren dantza ere –gaitza santu horren madarikazioak eragiten zuela uste baitzuten batzuek–.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2019ko abenduaren 11
Pieter Brueghel gaztearen (1601-1678) 'Dantza molenbeek-en' lanak musikaz sendatzen saiatu ziren koreomania agerraldia irudikatzen du.

Berbungen gertatutakoa koreomaniaren deskribapen zaharrenetakoa da, baina ez zaharrena. Koreomaniaren lehen aipamena VII. mendekoa da. Agerraldi nabarmenenak, ordea, Behe Erdi Aroan gertatu ziren, horietako asko Alemanian. 1237an haur talde bat Erfurt-etik Arnstadt-erako 20 km-ko bidea dantzan eta saltoka egin zuen. 1278an 200 pertsona inguru bildu ziren Mosa ibaiaren zubi baten gainean dantzan, zubia eraitsi arte. Dantza epidemiarik larrienetakoa Akisgranen hasi zen 1374ko San Joan egunean eta Flandriara, Italiara eta Luxenburgora zabaldu omen zen. 1518koa, aldiz, Estrasburgon hasi zen uztailean: Frau Troffea izeneko emakume bat dantzan hasi zen kalean, lau egunetan 33 dantzakide gehitu zitzaizkion, hilabetean 400era iritsi ziren eta horietako asko bihotzekoak jota hil omen ziren. Askok uste zuten gaixoei musikaz laguntzeak sendatuko zituela, baina gehienetan sintomak larritzea eragin zuen.

XVII. mendearen erdialdetik aurrera ez dago ia gaixotasunaren aipamenik; salbuespena Madagaskarreko 1840ko agerraldia da.
Adituak ez datoz bat fenomenoa azaltzerakoan. Hipotesietako batek dio ergotismoa zela kausa, hau da ainoak pozoituta hasten zirela dantzan. Entzefalitisa, epilepsia eta tifusa ere aipatu izan dira. Baina askok, osasun arazotzat baino, fenomeno sozialtzat dute koreomania. Agerraldiak garai latzetan, uzta txarren edo izurriteen ondoren piztu ohi ziren. Batzuek sekta erlijiosoekin lotu dituzte. 1997an K. Hetherington eta R. Munrok “estres partekatuari” egotzi zioten nahasmendua.

Italian tarantismo esan zioten antzeko fenomeno bati, dantzarako grina armiarmen helduak eragiten zuela uste baitzuten; tarantela izeneko dantza tarantismoa sendatzeko sortu zen. R.E. Bartholomew-ren ustez, tarantismoak eta gaitzaren sendabideak herritarrei “garai hartan debekatuak zeuden jarrera askatzaileak izateko aukera eman zien. Alegia, garai gogorretan barrenak hustu eta estresa arintzeko aukera zen. Eta hori oso kutsakorra da.