argia.eus
INPRIMATU
Ekimen berriak, ilusio berrituak, betiko hutsak
Zigor Etxeburua Urbizu @ZEtxeburua 2019ko abenduaren 10

Hitz potoloz eta esaldi hanpatuz bete dizkigute hedabideak agintariek, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Ederki apaindutako kondena saltzen digute, urtea joan eta urtea etorri. Beti gurpila asmatzen, beti Sisiforena egiten gabiltza euskaldunok, hartu beharko lituzketen erabakiei eta bete beharko lituzketen ardurei iskin egiten dietelako handi-mandiek. Dagokiena egin ordez, hor aritzen dira, fokupean, bateko emaitza on eta besteko aurrerapen miresgarria saltzen, euskaraz bizitzea beste nahirik ez duen euskaldun zintzoari adierazten dioten bitartean norbera dela bere nahiaren eta ezinaren arduradun bakarra, eta ezintasun hori euskaldunok erakusten dugun ahalmentze eskasaren ondorio dela. Ustez, ahalmentzearen aldekoa den mezu ofizialaren atzean, benetan, erruduntasunaren mezu judeo-kristaua dago. Onartuko genieke agintariei gizonek gutxietsitako emakumeei kontu eske aritzea, beren buruen estimu handiagoa ez izateagatik? Bada, euskararekin badirudi baietz.

Ez zait bidezkoa iruditzen erakundeak paparra harrotuta agertzea, ez behintzat euskarak bere tokia berreskuratu dezan egitea dagokiena egiten ez duten bitartean

Kokoteraino nago marketinaz, leporaino faltsukeriaz. Ez zait bidezkoa iruditzen erakundeak paparra harrotuta agertzea, ez behintzat euskarak bere tokia berreskuratu dezan egitea dagokiena egiten ez duten bitartean. Hogei urte eman dituzte boikot batean, euskalgintzak abiatutako ekimenei hauspo eman ordez, zangotraba eta oztopoa besterik ez eskaintzen; ez dituzte berrogei urte aski izan, oraindik ere euskaldunon jasateko gaitasunaren bizkar jarraitu beharko du bake sozialak; eta orain, beraien ahotik entzun behar konpromisorako, berrikuntzarako eta denok batera aritzeko deiak.

Euskararen zabalpenaren alde egin dena herriaren bultzadari esker egin da, eta horretan jarraituko dugu, ilusioa eta kemena berrituta. Erakundeek ere euskararen erabilera normalizatzeko langintzan egon behar dute, hori baita beren egitekoa, baina fokutik urrun. Euskaltzaleok, ordea, erdigunera, gureari eusteko ekinbidea sustatu behar dugu, euskaraz bizitzera, geu izatera, geurean atsegin hartzera, geurea eskaintzera, gehiago izatera eta oztopatzaileei aurre egitera.