Apirilean ireki zuten Chillida Lekuko Lurra Kafetegia, Fede Pacha sukaldariaren gidaritzapean. Hasieratik egin dute bertako produktuen alde: hurbilekoak dira prestatzen dituzten osagaiak, modu artisauean eginak eta ahal den heinean ekologikoak. “Museoa kudeatzen dutenen baldintza zen kafetegian eskaintzen den guztia bertakoa edota ekologikoa izatea”, azaldu du Pachak.
Hernaniko Orona Ideo eraikinan da Diametro 200 jatetxea, eta Oronako langileen jantokia ere hornitzen du. Diametro 200 ezaguna da bertako produktuak zerbitzatzeko egin duen apostuagatik. Pacha sukaldariak urteak egin ditu proiektu horretan lanean, eta Lurra Kafetegia nolabait horren segida edo luzapena dela dio: “Eskaintzen dugun produktuaren ia %100 da bertakoa: ardo ekologikoak, garagardo artisaua, ogia, gaztak, haragia, arraina… Euskal Herrian egiten dena hemen presente dago”.
Kafetegirako behar dituzten produktuak nola eta nondik lortzen dituzten galdetu diogu. “Urteak daramatzat hostalaritzan tokiko produktuekin lanean, Diametro 200 proiektuan ere sei bat urte badaramatzagu modu honetan, eta jadanik osatua dugu produktuak erosten dizkiegun ekoizleen sarea”, dio. Jatetxeetan bertakoa eskaintzeko gogoa behar dela dio, ez besterik. “Denetik egiten da gaur egun Euskal Herrian, ez dago arazorik produktuak lortzeko”. Barazkia asko erabiltzen dute Lurra Kafetegiko plateretan, eta gehiena Hernaniko Karabeleko Etxalde agroekologikoari hartzen diote.
Gure inguruko produktuak eskainiz bertako kultura bultzatzen ari garela uste du Pachak. “Gure kultura gastronomikoa da, gure amek eta aitek betidanik izan dutena, baserrietan egon dena… arraroa da jendeak lotura hori ez egitea”, azaldu du. Ekonomiaren zirkulua bertan istea garrantzitsua dela gaineratu du: bertako produktuen eskaria baldin badago, ekoizpena ere egonen da, eta bertako ekonomia indartuko da modu horretan: “Gure baserritarrek ekoizten dituzten produktu artisauak kontsumitu behar ditugu gurea dena bultzatzeko. Ez dauka misterio gehiagorik!”.