Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainan parte hartu duen alderdietako batek “politika feminizatzea enpatiara itzultzea da” esan du. Politikan emakume gehiago egotea ona da ohiko giro gaiztoa leuntzeko. Emakumezko hautagaiak emozionatzea eta malko batzuk isurtzea politikaren feminizazioaren ikur da. Emakumeok gaitasun handiagoa omen dugu gatazkak saihesteko.
Halako adierazpenek sentimenduen mundura kondenatzen gaituzte emakumeok, berriro ere. Kontsentsua eta adeitasuna nagusi diren irudizko unibertso femenino bat eraikitzen dute eta, politika gatazka den aldetik, emakumeok boterearen banaketaren borrokatik kanpo uzten gaituzte, intendentzia emozionalaren ardura duten kantineren paperan.
Simone de Beauvoirrek ederki azaldu zuenez, emakume egiten gaituena ez da ustezko esentzia bat, geure existentzia baizik –historikoki eta materialki baldintzatuak eta sozialki eta kulturalki diziplinatuak–. Emakumeok ez daukagu berezko dohain edo bertuterik. Eta indarkeria erabiltzeko joera txikiagoa izatea babesgabetasun ikasiaren (inposatuaren) ondorio da, emakumeon bortizkeriaren patologizazio eta ezkutaketaren emaitza.
Gatazka eta ika-mika politikoak testosterona kontutzat gaitzesten dituztenek nagusitasun moralaren paparra harrotzen dute, emakumeok bestelako jokamolde zibilizatuagoak dauzkagulakoan
María Jesús Izquierdo soziologo katalanak argi eta garbi azaltzen ditu arrazoibide horrek emakumeontzat dakartzan ondorio arriskutsuak: emakumeok hain onak bagara, bortizkeria arrotza bazaigu, geure ezaugarri nagusia enpatia bada, logikoa da gizarteak geure bizkar uztea zaintza-lana. Nor egokiagorik gu baino zeregin horretaz arduratzeko?
Bestalde, gatazka eta ika-mika politikoak testosterona kontutzat gaitzesten dituztenek nagusitasun moralaren paparra harrotzen dute, emakumeok bestelako jokamolde zibilizatuagoak dauzkagulakoan. Esentzialismo horrek munizio ideologikoa ematen die erabakimena eta boterea erakusten duten emakumezko politikariek etengabe jasaten dituzten irain eta gutxiespen okaztagarriei.
Politika gatazka dela genioen: interes kontrajarrien arteko lehia, nork bere proiektu politikoa gauzatu ahal izateko indar harreman egokia lortzeko borroka. Eta feminismoaren proiektua emakumeok bizi dugun zapalkuntza, bazterketa eta indarkeria ezabatzea bada, geure eskakizunak negoziazio taulan jartzetik etorriko da garaipena, hots politika feminizatu eta feministatzetik. Horretarako, ezinbestekoa da emakumeon gehiengoa polisaren bizimodua erabakitzen den lekuetan ordezkatuta egotea eta erabakitzeko ahalmena izatea. Politika eta gatazka gehiago, beraz, eta sentimentalismo eta esentzialismo gutxiago.