argia.eus
INPRIMATU
Komunaren eguna
Aritz Galarraga 2019ko azaroaren 28a

Zutabe hau komunaren nazioarteko egunean idatzita dago –egunean, ezen ez komunean bertan–. Komuna, noski, bakargela ere deitu hori, norbere eginkariak egiteko lekua –eta ez, adibidez, Parisekoa, 1871n Frantziako hiriburuan agintea izan zuen gobernu iraultzailea–. Ez kezkatu, benetan, ez da garrantzitsua jakitea noiz izan zen egun hori: atzo izan zitekeen, edo bihar, egunero da zerbaiten eguna –gaur izatea zailagoa litzateke; jakingo genuke bestela, hain da handia ditxosozko egunekin ematen duten alamena–. Komunaren eguna, beraz, arazoa baita larria: toallatxoak edo zapi umelak, bastoitxoak edo makillajea kentzeko kotoia, ezin dira komunera bota, tapoiak eragiten dituzte estolda eta kolektoreetan. Mezua: komuna ez da zulo beltz bat –badaezpada ez nuke begiratuko hainbat etxetakoa–.

Ai, komuna. Zenbat une gogoangarri pasako genituen bertan –atseginak batzuk, beste batzuk estuagoak–. Horregatik bikain iruditzen zait Nazio Batuen Erakundeak komunaren eguna ospatzea. Zalantza gehiago sortzen dizkit yogaren egunak –zergatik ez tai-xi, feng shui eta abarrekoena?–. Edo atunaren egunak –zer gertatzen da hegaluzearekin?–. Bitxia egiten zait itsasoko jendearen eguna –zer da, itsaslamina, uhandreena?–. Edo eskifaiadun espazio-hegaldiena –diskriminatzen ditu, argiki, eskifaiarik gabeko espazio-hegaldiak–. Argiaren eguna ere badago –eta ez, ez da urriaren 12a–. Nelson Mandelaren eguna –noizko Arnaldo Otegirena?–. Adiskidetasunaren eguna ere bai –eta ez ozpintasunarena–, gaztetasunaren eguna –eta ez adin ertainarena–, demokraziarena –eta ez monarkia parlamentarioarena–. Pentsa, filosofiak eta telebistak eguna konpartitzen dute. Broma gutxi, Nazio Batuen Erakundeak ospatzen dituen egunak baitira horiek guztiak, komunarena barne. Egunero baitago zer ospatua. Komunera erregularki eta pozik joaten garela, luze gabe.