argia.eus
INPRIMATU
Bibliak jo zion buruan Newtoni
  • Lincolnshire (Ingalaterra), 1665 edo 1666. Isaac Newton (1643-1727) Woolsthorpe Manor-era, amaren etxera itzuli zen, izurri bubonikoaren eraginez Cambridgeko Unibertsitateak ateak itxi behar izan zituelako.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2019ko azaroaren 26a
Isaac Newtonek apokalipsia 2060an gertatuko dela kalkulatu zuen, teologia eta matematika uztartuz.

Egun batez, lorategian zegoela sagarrondo batetik sagarra erori eta buruan jo omen zion. Newtonek berak ez zuen pasartea sekula idatziz jaso eta, sagar bat erortzen ikustea grabitatearen teoriarako inspirazio iturri izan zuela biografo askok aipatu arren, badirudi buruko kolpearena apaingarri hutsa izan zela. Baina ordurako Newtonek buruan zeukana Biblia zen. Zientziari ekarpen handiak egiteaz gain, egun bateraezinak diruditen beste hainbat arlo jorratu zituen. Milioi bat hitz utzi zituen idatzita alkimiari buruz, eta beste hiru milioi teologiari buruz.

Matematika eta Bibliako Danielen liburua uztartuz, apokalipsia noiz izango zen kalkulatu zuen Newtonek: “Orduan ‘denbora, denborak eta denbora baten erdia’ 42 hilabete dira, edo 1.260 egun edo 3 urte eta erdi, urteko 12 hilabete eta hileko 30 egun kontatuta, jatorrizko urteko egutegian egiten zuten bezala. Kristo ondorengo 800 urteko hiru erregeen konkistatik abiatuta eta bizitza laburreko piztien egunak eta izandako erregealdiak gehituta, 1.260 eguneko aldia Kristo ondorengo 2060 urtean bukatuko da”. Horraino azalpenak ulertezina baina zehatza zirudien. Baina hurrengo esaldiak kutsu zientifikoa nabarmen kendu zion ikerlanari: “Geroago amaitu liteke, baina lehenago ez”. Eta badaezpada, asmatzeko aukerak gehitu zituen beste data batzuk botata: 2344, 2370…

Baina, lasai, Newtonek ez zuen apokalipsia suntsipenarekin eta munduaren amaierarekin lotzen: bere irakurketaren arabera, Kristoren bigarren etorrera  gertatuko da 2060an –edo geroago–; nolabaiteko garbiketa izango da baina munduak aurrera egingo du.
Zoritxarrez, Newtonek teologiatik egindako aurreikuspenei nolabait ere arrazoia ematen diete gaur egun ikerlan zientifikoek. Eta orduan Kristok ere ez gaitu salbatuko.