argia.eus
INPRIMATU
Arratoiak akatuko du labezomorro beltza
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2019ko azaroaren 25
No habrá piedad para nadie | RAT-ZINGER | Vol 2. Autoekoizpena

Faxistak labezomorro beltzak bezalakoak dira; jaio, hazi eta biderkatu egiten dira gaizkia eta gehiegikeria nonahi zabalduz, baina azkenean hil egiten dira. Arratoiak, aldiz, indartu egiten dira gosean, hondakinean eta miserian; ezin ditu ezerk ez inork geldiarazi.

Faxismoa haziz doa, lotsagabe, eta kaleak hartu nahi ditu lehenbailehen. Polizia eta sistema alde ditu eta eskuinmuturraren presentzia normalizatzeko ahalegin sutsuan dihardute. Aldi berean, ezkerra desorientatuta dago eta ipar gabe aspalditik; eta, horren guztiaren aurrean, jendea, herritarrak, esperantza eta ilusio gabe. Testuinguru latz horretan egiten dute aurrera arratoiek, ezer ez eta guztia galtzeko izan arren, salbamendurik ezean erailtzen hilko direnak. Dagoeneko bi aita santu akabatu dituzte, eta faxismoren ikono ustela hilobitik atera dute. Ez da gutxi!

Hala, Erromako aita santuaren sasikumeek egurra ematen jarraitzen dute, kapitalari ahalik eta min handiena eragiten. Hamar urte dira estoldatatik atera zirela eta haginka are eta amorru handiagorekin egiten dutela ospatzeko, No habrá piedad para nadie bigarren bilduma kaleratu dute.

CDak lau abesti berri dakartza: Soy un malnacido autobiografikoa, zeinetan Eskandinaviako ezkerraldeko gitarrak, hardcore-punka eta thrash ukituak batu dituzten; punk-rock azkarreko Polvo irmoa; egurra jasotzen duen Días de comisaría, tentsio handiko Motörheaden trazako pieza; eta bere onetik ateratako Aullo al sol, abiadura handiko hard-rock kaletarra.

Gainera, Rock´n’Roll para hijos de perra diskotik deskartatutakoak ere badira: Plumas y alquitrán, hardcore-punk eta punk-rock gitarrero zikin eta biderkatua; eta Cuando venga a por mi kaleko rock balada sinesgarri eta gordina, hain zuzen ere.

Horrez gain, Larga vida al infierno diskoko Uno de los nuestros eta Larga vida al infierno berriro grabatu dituzte; eta beraien beste klasiko batzuk ere batu dituzte.

Bilboko talde apokaliptikoak ez du inoiz arnasa hartzeko geldiunerik egiten eta azaro honetan zuzeneko diskoaren grabaketa egin du Bilboko Kafe Antzokian.