argia.eus
INPRIMATU
IRITZIA
Historiaren narrazioaz
Katixa Dolhare-Zaldunbide 2019ko azaroaren 19a
Paula Estevez

Agintari politikoek beti inposatu nahi izan dute beren aldeko iraganaren narrazioa: Kristo aurreko I. mendean, Julio Zesarrek berak eskaini zuen Commentarii de Bello Gallico-n eta berantago Augustok bere ospearen propagandaren zerbitzuko epopeia bat manatu zion Virgiliori, Aeneis. 1065an, Turold kronikalariak bururatu zuen 778ko gertakarien berridazketa, La Chanson de Roland izenburupean ezaguna dena, Karlomagnok bultzatu konkista guduak justifikatzeko. Eskola frantsesean, ikasleei erakusten zaie identifikatzen erregimen totalitarioek hedatu narrazio antisemitak, buruzagi autoritarioaren apologia edo ideologia faxista baten propaganda zabaltzen dutenak. Bistan dena, gaztetxoen espiritu kritiko politikoaren ondotik, horretan gelditzea galdegina zaie irakasleei: arren, ez diezaietela azterrarazi patriarkatua, estatu-nazioa, kolonialismoa, kapitalismoa bermatzen dituzten narrazioak. Ikasleek jakin dezatela historialari adituak badaudela narrazio historikoak aztertzeko eta zuzentzeko, eta uler dezatela bereziki estatu garatu liberal eta demokratetan, historia ez dela gehiago botere politikoaren eraginez kontatua.

Bizkitartean, hori iruzurra da: manatzaileek dituzte eskola programak hala edo hola moldatzen, kontakizun nazionala ideologia berezi baten alde bihurtzen eta menderatzen dituzten hedabideei esker gizarteratzen, egiaren izenean ari diren historialari zintzoen lanak trabatzen. Gehiago dena, Europako demokrazietatik jalgi egungo hautetsiek ez dute neholako arrangurarik historiaren narrazioa eraldatuko duten legeak bozkatzeko: joan den buruilaren 19an, adibidez, Europako Legebiltzarrak erabaki du Europaren etorkizunerako memoria finkatzeko, jendeak hein berean ikusi beharko dituela “erregimen komunistek” eta “erregimen naziak” eragin sarraskiak, eta berdin gaitzetsi beharko dituela ikur komunistak eta naziak. Testuak zehazten du Bigarren Mundu Gerra piztu zutenak izan zirela hain zuzen ere Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB) eta naziek gobernatu Alemania, 1939ko agorrilaren 23ko elkar ez erasotzeko itunaren ondorioz. Alta, gerrak jatorria izan zuen 1938ko buruilean, Municheko hitzarmenean: horretan, Frantziak eta Erresuma Batuak baimena eman zioten Hitlerri Txekoslovakian sartzeko. Hara beraz europar hautetsiek nola gaur egun ere iragana faltsutzen duten, ideologia edo egoera geopolitiko garaikideengatik.   

Handi-mandien jukutria horien aldean, badaude beharrik beste xedeak, tokian tokikoak eta ahal bezala eramanak, jendeak bere historiaz beste ikuspegi bat ukan dezan. Bat aipatzekotan, izenda nezake Baigorrin muntatu nahi duten Baxenabarreko historiari buruzko interpretazio zentroa, herritarrek eta baxenabartarrek bederen jakin dezaten nolako gorabeheretatik ibili diren beren arbasoak.

Bistan dena, zentro horretan agertuko den narrazio historikoa, halabeharrez ildo subjektibo baten arabera osatua, zalantza edo kritika iturri izanen da, eta norbera aritzen ahalko da ondotik egia historikoaren izenean erran-merranka.

Memoriaren transmisioan, garrantzitsuena da onartzea, neutraltasun politikorik ez dela; ondorioz interpretazio historiko ezberdinak esplizita ditzagun. Gaztetxoei azal diezaiegun historiaren kontaketa bat ala bestea, baina horrek gorderik dauzkan inplizitu ideologikoak argituz. Gurearen transmisioan, kazetaritzan nola etxean edo eskola-klasean, jakin dezagun justifikatzen neutraltasun eza.