Egoera larria? Norentzat da egoera larria? Nori axola zaio ba? 2018ko azterketa, ikerketa eta inkestek euskalduna bere kulturgintzari bizkarra emanda bizi dela frogatuta, nori inporta zaio?
Zenbat kostatzen zaigun elkartzea bota zidan lagunak, eguna argitu berritan, Azpeitiko plazan ginela. Zenbat arazo dugun elkar ulertzeko, zenbat oztopo bat egiteko, gaineratu nion nire kolkoari. Lagunak urteak daroatza euskalgintzan, kulturgintzan, herrigintzan. Badaki pertsonen arteko ezinikusiek hondatzen dituztela egitasmo kolektiboak, badaki korporatibismoak zenbateraino lokaztu dezakeen berdinen artekoa beharko lukeen bidea, badaki logogintza eta logokeria helburu komunak baino zatia garrantzitsuago bilakatzen direla gehiegitan. Zenbat kostatzen zaigun elkartzea, bota zidan lagunak eta oinetara begira etsipena eta tamala iradokitzen dituen keinua egin zuten gure bi buruek. Eta hau guztiau, Euskal Herriko hainbat txokotatik iritsitako ehun eta hogei bat lagunekin elkartu aurretik erne zitzaigun solasaldia izan zen, Sormenean hezi, kulturan bizi egun osoko jardunaldia hasi aitzinekoa. Euskal kulturgintza hezkuntza arautuan transmititzen ote dugun, transmititzen dugunean zelan egiten dugun eta transmititzen ez badugu zer egin dezakegun azaltzeko, trukatzeko eta gogoetatzeko bildu ginen Azpeitiko Elikagunean. Egoera larria da benetan. Bertsolaritza salbu, gainontzeko kultur adierazpideen lanketa hezkuntza arautuan ez dago inolaz ere bermatuta (parentesia zabaldu beharko dut. Egoera larria? Norentzat da egoera larria? Nori axola zaio ba? 2018ko azterketa, ikerketa eta inkestek euskalduna bere kulturgintzari bizkarra emanda bizi dela frogatuta, nori inporta zaio? Zertan ari gara euskal herritarren gehiengoarentzat lehentasunezkoa barik azkentasunezkoa den gai bati buruzko mezu apokaliptikoa? Parentesia itxiko dut, giltzari bi buelta eman eta barruan geratuko nintzateke. Baina ez dut adore nahikorik amore emateko). Hezkuntza arautuaren esparruan beti ere, ezagutzan eta komunikazio gaitasunean atzerapausoa eman da, komunitate-sena galtzen ari gara, kurrikulumetan kultura zehar-lerroa izan behar dela jasota dago baina ez da ezelango bitartekorik zehazten eguneroko praktikan islatuko dela bermatzeko, unibertsitatean ez dugu euskal kulturan trebatzeko ikasketarik eskaintzen, ez dugu zehazturik kultur-hezkuntza zeri deritzogun, ez dugu adosturik hezkuntza arautuko ikasketa prozesua bukatzen duenerako gazte batek euskal kulturari buruzko zein eduki ezagutu behar duen, zenbat sormen esperientzia bizi behar duen, nola ernarazi behar diogun euskaraz sortzeko grina… Desadoretzekoa litzateke jardunaldietara elkartu ginen ehun eta hogei bat lagun horiengatik ez balitz, antzerkiaren, arte-plastikoen, bertsolaritzaren, dantzaren, ikus-entzunezkoen, literaturaren edota musikaren transmisiorako horrenbeste eragile prestu eta jakintsu dugula ez bageneki. Elkargune bat adostea baino ez zaigu falta.