argia.eus
INPRIMATU
Zinema eta nekazaritza lotu ditu Zinelur zikloak
Garazi Zabaleta 2019ko azaroaren 15a

Azaroaren 5etik 7ra zinema ziklo berezia egin dute Nafarroako Filmotekan, INTIAk eta Reyno Gourmetek antolatuta: Zinelur. Nekazaritzari eta elikadurari lotutako hainbat dokumentalen proiekzioak eta eztabaidak izan dituzte Iruñean, landa eremuaren eta hiriaren artean zubiak eraikitzeko. 

Erdi-kasualitatez sortutako proiektua

Patxi Uriz zinemagile nafarrarekin egin zuten topo duela zenbait hilabete INTIAko kideek. Tuterako mejanako azken baratzezainen inguruko dokumentalaren grabaketan buru belarri zebilen Uriz, eta INTIA institutuko kideei bururatu zitzaien interesgarria litzatekeela hurbileko pertsona horren bidez ziklo bat antolatzea. 

Zinemagilea bera izan da hiru egunetako pelikulak proposatu dituenak. “Guk nekazaritzaz zerbait badakigu agian, baina zinemagintzaz oso gutxi” azaldu du Juanma Intxaurrandieta INTIAko kideak. Institutu honetako teknikariak eta langileak aritu dira Urizekin elkarlanean Zinelur zikloaren lehen edizioa antolatzen.

Landa eremuko errealitate gordina erakusgai

Egun bakoitzean pelikula dokumental baten proiekzioa, aurkezpena eta eztabaida izan dituzte Nafarroako Filmotekan. Lehen egunean Desde que el mundo es mundo dokumentala bota zuten, Gaztela Leongo nekazari familia baten istorioa kontatzen duen filma. Bigarrenean, Aroak pelikula izan zen gonbidatua: “Bizkaian filmatutako pelikula da hau, hamar pertsonen esperientzien bidez azken belaunaldietan nekazaritzan eta landa eremuan egon den bilakaeraz dihardu”. Azkeneko egunean Patxi Urizen Los últimos de la mejana-ren txanda izan zen. Dokumentalen zuzendariak eta protagonistak zikloan bertan izan dira, eta eztabaida interesgarriak sortu dira proiekzioen ondoren.

Hiru pelikulek nekazaritzaren eta landa eremuaren egungo errealitate gordina erakusten dutela adierazi digu antolatzaileak eta ikuspegi nahiko nostalgikoa dutela. Hurrengo edizioetan alternatiben inguruan solastatzeko aukera izanen dutela gehitu du: “Nik pentsatu nahi dut oraingo errealitate zail hori ez dela betiko joera bat izanen eta hemendik aurrera pixkanaka sortuko ditugula bide berriak”.