argia.eus
INPRIMATU
Pentsioak eta berdintasuna blindatu
  • Azaroaren 10eko Espainiako hauteskundeetan jaurtitako promesak betetzeko ordua iritsi da.

Juan Mari Arregi 2019ko azaroaren 13a

Ñabardurak ñabardura, alderdi politiko guztiak –Espainiako Estatukoak zein Hego Euskal Herrikoak– pentsio duin batzuen alde agertu dira eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzen dute, nola arlo sozialean edo lanean. Bai pentsioek bai berdintasunak denoi eragiten digute, helduak izan edo gazteak izan. Beraz, promesa horiek bete ditzatela eskatzeko ordua ere iritsi zaigu.

Hauteskunde gauaren ondoren sortuko den Espainiako Gobernuak beharrezko neurriak hartu beharko lituzke pentsioak eta berdintasuna blindatzeko. Baina blindatu bakarrik ez, balioan jarri ere bai, eta milioika alargun eta herritarrek jasotzen duten gutxieneko ordainsaria handitu behar luke. Kalean mobilizatzen ari diren pentsionistei erantzun behar diete eta 1.200 euroko gutxieneko pentsioa ezarri. Gobernu autonomikoek ere badute erantzukizunik auzi honetan, baita baliabideak ere, pentsio horiek osatzeko. Berdintasunaren arloan, bestalde, garbi dago: lan berdina, soldata berdina.

Horretarako dirua behar da. Eta badago. Nola lortu? Krisi garaian bankuei emandako 60.000 milioi euroak berreskuratuz; bankuei, enpresa handiei eta multinazionalei zerga berezia ezarrita; zerga-paradisuak pertsegitzen; militarren eta Errege Etxearen faktura erabat murriztuta; ustelkeriaren bidez lapurtutako dirua itzularaziz…  

Plan hori aurrera ateratzeko, eta soldatak, osasun zerbitzuak edo hezkuntza hobetzeko, borondate politikoa edukitzea nahikoa da. Espainiako Gobernuaren gain dago ardura, baina baita Urkullu, Chivite eta hitza eman duten beste guztien gain ere.