argia.eus
INPRIMATU
Eraginkortasunaren izenean
  • Miles City (Montana, AEB), 1919ko abuztuaren 30ean. Maurice Hilleman mikrobiologoa jaio zen, munduan milioika hildako eragin zituen gripe pandemia betean. Askorentzat ezezaguna izan arren, beste askok diote historian bizitza gehien salbatu dituen pertsona dela.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2019ko azaroaren 13a
Maurice Hilleman (1919-2005) mikrobiologoak 40 txerto inguru garatu zituen, 
industria farmazeutikoaren baliabideak erabiliz. (arg: Walter Reed Medical)

Hillemanek, guztira, 40 bat txerto garatu zituen, besteak beste, elgorriaren, paperen, errubeolaren, astanafarreriaren, A eta B hepatitisen, meningitisaren eta pneumoniaren aurkakoak. Egungo txerto programetan gomendatu ohi diren 14 txertoetatik 8 hark eginak dira.

Paperen edo hazizurrien aurkako txertoa, esaterako, etxean bertan hasi zen garatzen. Jeryl Lynn alabak hazizurriak harrapatu zituen 1963an eta aitak parotiditis birusaren lagin bat hartu zuen haren eztarritik. 1967an lortu zuen txertoa, hau da, lau urteko lanaren ondoren. Eta 40 txerto merkaturatzeak, lan handiaz gain, prozedura burokratiko astunak –Hillemanek bereziki gorroto zituenak– eta baliabide ekonomiko handiak ere eskatu zizkion. Horregatik, Chicagoko unibertsitatean doktoretza bukatu bezain pronto eremu akademikotik hainbat lan eskaintza egin zizkioten arren, denei uko egin zien, eta hasieratik industriara jo zuen.

Aurkikuntzak jendearengana ahalik eta lasterren iristea nahi zuen eta horretarako baliabideak ez zeuden akademian, industria farmazeutikoan baizik. Hainbat enpresetan aritu zen 1957an Merck konpainiarentzat lanean hasi zen arte. Eta han jardungo zuen erretiroa hartu bitartean.

Maurice Hillemanek milioika bizitza salbatzea zuen helburu eta milioika dolarrez gizendu zuen industria farmazeutikoa.