argia.eus
INPRIMATU
Klaseak Brontze Aroan
  • Lech ibaiaren harana (egungo Alemania), duela 4.000 urte inguru. Zazpi bat mendez, giza komunitate bat bizi izan zen egungo Augsburg hiritik gertu.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2019ko azaroaren 05
Emakume honen hileta arreoa eta hortzetako esmaltea aztertuta ondorioztatu dute maila sozial eta ekonomiko altukoa zela eta ez zela ehortzitako tokian jaio. (arg: ABK SÜD)

Berriki, aztarnategi horretan ehortzitako arrastoak aztertu ditu Heidelberg Zientzia Akademiako, Ludwig-Maximilians unibertsitateko eta Max Planck Institutuko ikerlari talde zabal batek, eta emaitzak Science aldizkarian argitaratu. Brontze Aroko komunitateetan desparekotasun sozial eta ekonomikoa zegoela ondorioztatu dute.

Batetik, gorpuekin batera ehortzitako objektuak aztertu dituzte. Objektu preziatuez inguratuta ehortzitakoak aberatsak ziren, “aristokratak”, nekazal gizarte gazte hartako lurjabeak, eta ondasun materialik gabe ehortzitakoak, berriz, haiekin batera bizi ziren zerbitzariak, zenbaitetan esklaboak. Alemaniako aztarnategian haurrak ere aurkitu dituzte hileta arreo oparoekin ehortzita. Horrek esan nahi du gizarte horretan haurrak ez zirela berdin jaiotzen, ordurako boterea eta estatusa oinordekotzan pasatzen zirela.

104 indibiduoren genomaren datuak ere aztertu dituzte, eta nekazal komunitate horretan  familia egitura konplexuak eta ahaidetasunean oinarritutako hierarkia zituztela identifikatzen lagundu du horrek. Aurrez, Neolitoa amaitu baino lehen, komunitateak ez zeuden modu horretan antolatuta, edo horren frogarik ez dute oraindik aurkitu behintzat.

Bestalde, hortzetako esmaltea aztertuta ikusi dute han ehortzitako emakume helduen hortz-haginetan ez daudela Lech haraneko urak dituen osagai kimiko berak. Hau da, emakume haiek ez ziren lurralde horretan jaio, eta bertan jaiotakoen arrastorik ez dute topatu. Horrek esan nahi du emakumeak jaiolekutik beste herrixka batzuetara joaten zirela ezkontzera. Horietako batzuk urrundik etortzen ziren, gainera; Lecheko aztarnategiko emakume baten hortzek diotenez, Alpeez bestaldean, Italiako penintsulan jaio zen.

Baina exogamiarako joera hori ez zen berria, aspalditik zetorren. 2010eko ikerlan batean, El Sidrón (Asturias, Espainia) kobazuloko 12 Neandertalen DNA aztertu zuten eta ondorioztatu zuten ordurako emakumeak giza talde batetik bestera mugitzen zirela ugaltzeko eta, hala, espeziearen aniztasun genetikoa bermatzeko.

Ez omen da egia pobreak eta aberatsak beti egon direla. Giza talde ehiztari biltzaileak parekoagoak omen ziren. Nekazaritzak, sedentarismoak, ondasunak pilatzeak eragin zuen oraindik indarrean dagoen desberdinkeria. Eta Lech bailarako 104 gizon-emakumeak horren froga dira.