Espainiako Erresumako Gorteetarako hauteskundeak izateko zorian gaudela –ez ospatzeko zorian–, “espainiar herritarron” osasun politikoa Zainketa Intentsiboetako Unitateetan dagoelarik (UVI), honatx bizi dugun panoramaren nire analisia.
Spain, spam –zabor poltsa– begitantzen zait. Tira, herritar guztiak zabor poltsan sartzea ez da bidezkoa, alabaina, ezin dut buxatu erromatarren konkista garaitik datorren Hispaniatik eratorritako izenak ezpainetara igoarazitako goragalea.
Espainiar Inperioa suntsitzen ari da. Iraganeko Más se perdió en Cuba edota Los últimos de Filipinas esaldien antzekoak ezpainetaratuko dira etorkizunean. Demagun, hogei urte barru: “Va valer la pena haver sofert la dermatofagia / Merezi izan zuen dermatofagia jasan izana”, erranen dute katalanek.
Anartean, mendez mende eraikitako Espainiak –Espainiako jendarteak historian bi aldiz Errepublika aukeratu zuen, bigarren aldikoa Francoren Alzamiento Nacional-ak deuseztatua– 40 urteko diktaduraren eta 40 urte luzeko “demokrazia”-ren ostean ezin izan du sistema demokratikoa gauzatu. Ez erresumak, ez estatuak, ez herritarrek.
1936ko Gerra Zibilaren ostean, AEBek espainiar diktadura homologatu zuten legez, halaxe homologatu du ere Europar Batasunak egungo “espainiar demokrazia”. Artean, gu, euskal herritarrok, gero eta europarragoak izaki.
Pertsonek egiten dute historia, baina gurean, konparazionera, Jose Antonio Agirre eta Iñigo Urkullu lehendakariek ez dute berdin egi(te)n –alderdi berekoak izanik ere–, edota ez dira berdin egiten ari Urkullu eta Juan Jose Ibarretxe.
“Espainiar demokrazia” izaterik ez, eta eskuin bakarra zena hiru alderdik ordezkatuta dago egun: PP, Ciudadanos eta VOX. VOX omen da faxista, alderdi demokratikoa ez dena. Alabaina, beste biek funtsean ederto betetzen dute haren praxia. Horren dudarik ez dago, ez dauka ezta espainiar herritarren gehiengoak ere. Esaterako, PSE-EE, PSN edota PSC bozkatzen duten gehienek halaxe pentsatzen dutelakoan nago, alta, PSOEk “ezinbestean” betetzen du espainiar frankisten praxia.
Horraino gaitza. Eta gaitz erdi! Jendarte katalana bederen indartsu baitago. Izan ere, Euskal Herria ez dago Kataluniaren heinean. Euskal Herrian EAJren “Euskadi” gailendu da. Botere eta izate bakarra. Hauteskundez hauteskunde, EAJ garaile jalgitzen da EAEn. Euskadiko euskal herritar gehiengoaren konfluentzia –ideologia suerte guztien botoak– EAJn batzen da. Europar Batasunak “espainiar demokrazia” homologatu behar duen legez, halaxe behar du Espainiak EAJ ere. EAJ “espainiar demokrazia”-ren indar politiko funtsezko homologatzailea baita. Ez bakarra, bai nagusia.