Langabezian egotea txarra da. Curriculumak bidaltzeak hartzen duen tartea egunetik egunera laburtu egiten da, gero eta azkarrago amaitzen direlako lekuak, indarra, gogoa. Lanbidera egin beharreko itzuliak ere amaitzen dira noizbait. Ikastaroak egin, hizkuntzak ikasten hasi, ez zuenak, kotxeko karneta atera (inbertsioak egiteko dirua edukiz gero)… eta bakoitza bere bizioetara (egunak ordu asko dauzka). Ni, besteak besteak, albisteak eta horiei buruzko iritziak kontsumitzera.
Ea nire kezka arazo larriagotan lurperatzen zen: politika, ekonomia, gerrak, aurpegia jartzen duten feministen arteko bati emandako azken zaplaztekoa, idazle baten burutazio klasistaren bat… Eta haur bat Palestinan, Sirian… Epaitzeko testuingururik behar ez duen bortizkeriaren batek apurtuta. Loak hartzeak lanak ematen ditu gero, digestio txarreko kontuak dira.
Orain ez daukat ordurik (dirua gehixeago). Pentsa daiteke gaiak hobeto aukeratzen ditudala: kezkak nire neurrikoagoak dira. Ironia pixka batez erraz irenstekoak. Espezializatu egin naiz. Presa handiagoa daukat kezkak baino.
Gaur haur bat ikusi dut erreta, goseak edo… ez dakit nongoa zen ere: Yemengoa? Kurdistangoa? Argazki bat zen, zeharka begiratu dudan pantaila batean. Ez dut gero bilaketarik egin. Biharko ordutegia doitzen lokartuko naiz, erraz. Mandotuta. Lanpetuta egotea (ere)…