argia.eus
INPRIMATU
Kantu ederrak, disko dotorea
Joxi Ubeda Goikoetxea 2019ko urriaren 29a
Ihes doaz animaliak |  Kaskezur
Mukuru, 2019

Kaskezur taldearen lan berria oso txalotua eta goraipatua izaten ari da, eta ez da harritzekoa. Taldeak berezkoa duen doinuan sakondu du, Azpisugeak (Mukuru, 2017) aurreko lanaren bidetik, eta bere diskorik landuena eta osoena egin duela esan daiteke. Kanta ederrak dituen disko dotorea.

Taldekidek oso gustu ona erakusten dute kantak sortzeko eta jotzeko garaian, eta grina, adore, leuntasun eta fintasun handiarekin aritzen dira. Rock, noise-rock eta power-pop kutsuko doinuak egiten dituzte. Melodia politak, pasarte ilunak, sutsuak, lasaiagoak eta korapilatsuak, askotariko ñabardurak, gitarren arteko jolasak. Psikodelia eta esperimentazioa. Doinuak eta hitzak: “Bat batean lurra sabai bihurtu zen eta gauzak gorantz erortzen hasi ziren (Gora), “Hitz egingo dute Askatasunaz. Zokoetan klanak adi sasi artean. Ihes egingo dute animaliak. Libre izateko bakarrik gauaz” (Animaliak), “Bide bat marraztu. Librea, naturala, jarraia ta ibiltaria. Fruta jan, fruta jan, fruta jan, fruta jan” (Buztinezkoa).

Sonic Youth, The Cure, Dinosaur Jr., Sebadoh, Superchunk, Fugazi eta beste talde batzuen ukituak antzeman daitezke Kaskezurren kantetan, baina taldekideek ederki jakin dute eraginak bereganatzen, beren doinua sortzeko, beren giroa, Kaskezur doinua.

Imanol Zubieta (baxua), Mikel Santxez (bateria), Ion Minde (gitarra eta ahotsak) eta Iñigo Belzunegi (gitarra eta ahotsak) aritzen dira Kaskezur taldean. Haien artean sortu dituzte diskoko kantak, bat izan ezik, Euria kanta Euria ari du-ren bertsio librea delako (Joseba Irazokik konposatua da musika eta Dani Irazokik idatziak dira hitzak). Grabazio saioetan, Joseba Irazoki bera gitarrarekin aritu da, Ibai Gogortzak ere gitarra jo du, eta Miren Narbaizak kantatu egin du.

Grabazioaz Iñigo Irazoki teknikaria arduratu da, ekoizpenaz Ibai Gogortza bera eta masterizazioaz Jonan Ordorika.

Kaskezur taldea Baztangoa (Nafarroa) da, 2004an sortu zen, eta bost disko ditu kaleratuak. Oso lan onak. Orain, hoberena, disko berriko kantak entzun eta taldea jendaurreko emanaldi batean ikustea da, eta gertutik sentitzea taldeak bere kanten bidez transmititzen duen zirrara, sentsazioak, sentipenak, emozioak.