argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Iraultza modernoak
  • Hamar zutabe pasa behar izan dira, hamar, zutabe hauei izena eman diena, Stefan Zweig, zutabe hauetan aipatzeko –eta ziur naiz ez dela azken aldia izango–. Zweig, esango nuke, ez dago aurkeztu beharrik; soilik gogorarazi euskaraz irakurri ahal dizkiogula hiru eleberri: Xake nobela (Alberdania, 1999), Emakume ezezagun baten gutuna (Igela, 2005) eta Hogeita lau ordu emakume baten bizitzan (Igela, 2007). Baina, fikziozko lanek baino, haren memoriek eduki naute azken egunotan katigatuta, Die Welt von Gestern izenekoak, atzoko mundua.

Aritz Galarraga 2019ko urriaren 30

Eta bertan irakurritakoen artean, gauza bat eduki dut azken egunotan bueltaka. 1934ko otsailean lehertu zen Austriako gerra zibila, motza, lau egunekoa, baina ehunka hildako eragin zituena. Eta Zweig Vienan egon arren, gerra haren epizentroan, aitortzen du ez zuela ezer ikusi, ez zuela ezer jakin. New York, Londres edo Pariseko biztanle batek informazio gehiago izango zuela, prentsaren bitartez, berak baino. Hori omen iraultza modernoen singulartasuna, hirien espazio neurrigabean gertatzen direla, eta, hartara, biztanleen gehiengoarentzat erabat oharkabean pasatzen direla. Harago doa Zweig: “Garaia zehazten duten mugimendu nagusiak hastapenetan ezagutzeko aukera ukatzen die historiak garaikideei”. Are lurraldekideei.

Bizi naizen herrialdeko egoera politikoa bero jartzen ari dela jakiten dut, jaio nintzen herrialdeko jendea hasten zaidanean deika, galdezka, espantuka. Telebista, irrati, egunkari, lagun-etxekoek ere, maizago deitzen dutelako konturatzen naiz zerbait pasatzen ari dela hemen. Baina badakit orduan ez dutela nigatik egiten, ez dutela nola nagoen jakiteko deitzen, haiengatik baizik, historiak ukatzen dien hori ezagutu nahi dutelako. Ulertzekoa da. Jarrai dezatela deitzen, beraz, nahiz iraultza modernoak –halakorik balego beti– neronentzat ere, edo batez ere, oharkabean pasatzen diren.