argia.eus
INPRIMATU
Apezpikuaren prostituten hilerria
  • Ingalaterra, 1129. Eztebe I.a erregeak haren anaia, Henrike Bloisekoa, Winchesterreko apezpiku izendatu zuen. Horrenbestez, besteak beste, Surrey konderriko Southwark auzunea haren jurisdikziopean geratu zen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2019ko urriaren 30
Cross Bones hilerriko hesian plaka oroigarri bat dago, antzara baten irudia duena, Southwarkeko prostituten omenez. hesia lorez eta mezuz josita dago. (arg: Allison Meier)

Lehenago, Londresko agintariek prostituzioa eta haientzat moralki zalantzazkoak ziren beste jarduera batzuk Tamesis ibaiaz bestaldera mugitzea erabaki zuten, Southwarkera. Horregatik, auzoari Liberty esaten zioten, bertaratutakoek –eta ez sexu-langileek– ia edozertarako askatasuna zutelako.

Southwark ez zen Londresko eskumena, ezta Surreyko konderrikoa ere; Winchesterreko apezpikuak agintzen zuen bertan. Ia gehienetan bezala, garai hartako Ingalaterran ere, agintari moralek prostituzioa kondenatzen zuten eta agintari politikoek, aldiz, nabarmenki batzuetan, modu sotilagoan bestetan, baimendu egiten zuten. Henrikek bi aginteak hartu zituen beregain eta, gainera, anaiak pribilegio gehiago eman zizkion karguari: besteak beste, zerga gehiago ezarri zizkien Southwarkeko negozioei eta, beraz, prostitutei –Winchester geese esaten zieten, Winchesterreko apezpikuaren antzarak, alegia–.

Bere antzarei esker aberastu arren, haietako bat hiltzen zenean hilerrian –lur sagaratuan– ehorztea debekatu zuen apezpikuak. Gorpuak hobi komun batera botatzen zituzten. Cross Bones (hezur gurutzatuak) zuen izena ofizialki, baina herritarrek, eufemismoa erabiliz, “emakume ezkongabeen hilerria” esaten zioten. Hobia 1853an itxi zuten, baldintza kaxkarretan eta gorpuz gainezka.
1990eko hamarkadan, metroa zabaltzeko lanetan, 148 eskeleto aurkitu zituzten azaleko geruzetan. Sakontzen hasi eta orotara 15.000 gorpu daudela kalkulatu zuten: gehienak, haur jaioberriak, urtebetez azpikoak eta gaixotasun benereoak zituzten emakumeak.

Orube horretan bulego-eraikin bat egin nahi dute orain, baina hainbat herritarrek, John Constable idazlea buru, Friends of Cross Bones taldea sortu dute proiektuaren aurka egiteko. Hilerria hausnarketarako lorategia izatea nahi dute, gizarteak zukutu eta ondoren baztertukoak oroitzeko gunea.