argia.eus
INPRIMATU
Udazken kolore eta lore
Jakoba Errekondo 2019ko urriaren 23a
Albert Camusek esan zuen: “Udazkena udaberri berri bat da, noiz hosto bakoitza lore bat baita”.
Albert Camusek esan zuen: “Udazkena udaberri berri bat da, noiz hosto bakoitza lore bat baita”.

Zenbaitentzat aro bereziena udazkena izango da. Festaren, kolore festaren aztoramendua begi ninietan geratu beharrean, batzuei garuneraino sartzen zaie. Askok maite du larrazkena.

“Azkena” izenak dioen bezala, amaiera balitz bezala ikusten da. Gure ekosistemetako landaredi nagusiaren ehorzketaren irudia hedatua da. Urtearen ardatza izan den udaren lurperatzea, udatzena. Aro nagusia izan den udaren hondarra da uda-hondarra, aro-hondarra. Neguantza, neguaren atari aurrea. Neguak lur, lur hotza, ematen dio udagoiena den udondoari. Jaki urritzea dakar urrietak, urriaroak. Negu-aitzina da.

Udazkenak gure paisaiaren bisaia zimeltzen du, hortik “ihartze” izena. Ihartze horrek niretzat bigarren udaberria dakar. Horrela esaten diot udazkenari. Niretzat udaberria da garrantzitsuena. Nabarmenena eta bereziena. Hasiera. Izan ere lorea da den-denaren hasiera: loreak fruitua, fruituak hazia eta haziak mundua.

Ihartzean, ihartzen den hosto bakoitza lore bat da. Albert Camusek esan zuen: “Udazkena udaberri berri bat da, noiz hosto bakoitza lore bat baita”.

Eutsi dion eta elkar elikatu duten adarrari hostoak agur esan eta uretaranzko edo lurreranzko dantzari ekiten dionean, orbelaren aroa dator. Bizidun guztiak lehentxeago edo geroxeago lurperatzen dituen lurra hostopetzen du, orbelpetzen. Lurra ematen duenari hostoa ematen dio. Ez da, ordea, lurraren hileta; aitzitik, lurraren biziberritzea dakar hostoak.
Orbelpetzen den lurra adurreko, kukuak jo dio. Neguko erauntsietan azaleko lur onenak urak beheko errekara eramatea eragotziko du hostoak. Lurrari bizitza emango dioten xomorroak erakarriko ditu. Ekosistema biziberritzeko oinarrizkoa den lur-azaleko hazi, espora, animaliatxo eta abar babestuko ditu. Lur beltza altzoan hartu eta zaintzen du orbelak. Esaerak dio: “Lur beltzak ogi zuria”; ogi zuria hoberentzat jotzen zeneko esaera. Jokin Zaitegik ere aipatzen du Sopokel’en antzerkia lanean: “Lur orbel-beltza blei-blei uieldutakoan, zer?”.

Bizitzaren biziberritzea dakarte hostoak eta orbelak. Bizitza lor. Izan ere bigarren udaberrian, bizitza birloratzen da hostoetan. Orbeltze bidean diren hostoetan.