argia.eus
INPRIMATU
Tinderraz
Castillo Suárez @casti_suarez 2019ko urriaren 22a

Bada Jaume Gelaberten esaldi bat oso ona iruditzen zaidana: “Tinderrean ez dagoena… egonen da egunen batean”. Duela egun batzuk egindako elkarrizketa batean adierazten nuen Tinderren soslaia nuela eta sobera ere oso deigarria egin zaio bati baino gehiagori nola den posible harreman sare handia duen batek Internet bidez jende berria ezagutu nahi izatea, areago ezagun xamarra naizenean hainbat girotan. Aparteko arazorik ez dudanean gustuko dudanari hain zuzen gustuko dudala adierazteko. Musikene-n ikasten dutela aitortzen duten guztiek egiazki bertan ikasiko balute, mila ikasle baino gehiago izanen lituzke. Deigarria egin zait ere zenbat eskalatzaile, mendizale eta oro har kirolari dagoen hor barrena. Baina, txantxaz harago, bertan ikus daitezke gu bezalatsukoak direnak, taberna ezagunetako langileak, bertsolariak, enpresariak eta hautetsiak. Jende interesgarria eta hutsala. Gezurtia eta garbia. Internetez harago bezalatsu. Aitortzen dut epe laburra eman dudala bertan, eta salbuespen eder bat kenduta, ez dela nik bilatzen dudan harreman mota. Salbuespenarekin geratu naiz, hortaz. Eta, ondotik, baja eman.