argia.eus
INPRIMATU
'Native Land' mapa interaktiboa
Norenak ziren ni bizi naizen lur hauek?
  • Kanadarrak ‘Native Land’ mapa interaktiboan etxeko helbidea sartu du eta tresnak esan dio Musqueam, Squamish eta Tsleil-Waututh komunitateak bizi zirela han. Victor Temprano programatzaileak ez du bitxikeria moduan abiatu halako mapa bat, munduko edozein biztanlek bere buruari galdera hau egitea nahiko luke: norena zen lur hau?

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2019ko urriaren 24a
'Native Land' mapa interaktiboa 
helbide honetan aurkituko duzue: 
native-land.ca
'Native Land' mapa interaktiboa helbide honetan aurkituko duzue: native-land.ca

Native Land mapa interaktiboak Amerikako eta Ozeaniako herri indigena ugariren eremuak zein diren adierazten du. Europarrek eragindako genozidioaren aurreko lurralde eta hizkuntzak ikus daitezke, baita gaur egun bizirik daudenak ere.

Victor Temprano programatzaileak abiatu zuen egitasmoa eta gaur egun hainbat boluntario eta ordainpeko langile ari dira lanean. Osatzen ari diren mapak ez du perfektua izan nahi, mapak ez ditu akademiaren baldintzak betetzen, baina ez da hori helburua. Temprano bera ez da jatorriz kanadarra eta bere buruari galdera horixe egin zion: Nor bizi ote zen hemen? Zer da kolonizazioa? Kanadako programatzaileak nahi du herri indigenen lurraldeen eta hizkuntzen gaineko ezagutza izatea biztanleek, eta batik bat, kolonizazioari buruzko kontzientzia hartzea.

Mota askotako erabiltzaileak irudikatu dituzte mapa interaktiboan lanean ari direnek. Batetik, jatorrizko lurraldeetakoen ondorengoak ez direnak dituzte buruan, eta bestetik, Kanadara, Amerikako Estatu Batuetara edo Latinoamerikara etorri berriak direnak. Beste modu batean bada ere, herri indigenentzat balio handia izan dezakeela uste dute. Bestalde, hezkuntza sistemarako tresna oso garrantzitsua dela diote, eta badakite hasi lehen hezkuntzako irakasleak eta unibertsitatera artekoak mapa erabiltzen ari direla ikasgeletan.

Herri indigena bakoitzaren gainean klikatuz gero, herri horren hainbat adiera, hizkuntza, grafia eta komunitatearen webgune eta iturriak agertzen dira. Informazio asko dago dagoeneko, baina mapa elikatzeko iturriak aurkitzea ez da erraza. Alde guztietatik biltzen dute informazioa: interneten dauden mapak, komunitate indigenek eskainitakoa, herri zehatzei buruz egindako lan akademikoak... eta azken-azkenik kolonizatzaileek egindako mapak. Horiek kontu handiz darabiltzate, akats asko dituztelako. Bati baino gehiagori bitxia egingo zaio ikustea nola koloreek elkar zapaltzen duten (kolore bat, komunitate bat) eta mugak nola ez diren zurrunak. Europarron betaurrekoetatik begiratuta, gauza bat esan nahi du lurraren jabetzak, eta herri indigenek oso bestela ulertu dute eta ulertzen dute lurrarekin duten harremana.