argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Gizabereaz
  • Beste galiziar ilustre bat, Julio Camba, Vilanova de Arousako kazetaria –“Ni ez naiz poeta handi bat, kazetari soil bat baizik”–, are esango nuke zutabegilea –eta, ondo pentsatuta, zer izendapen ederra, zutabegilearena; hemendik aurrera horrela izendatuko dut neure burua–. 1884an jaioa, 13 urterekin Argentinara polizoi joana, Espainia aldeko hainbat egunkaritan idatzi zuen handik bueltan. Badu antologia bat, berak prestatutakoa gainera, aski gomendagarria: Mis páginas mejores. Arima bikia iruditzen zait batzuetan: “Poeten inbasio bat askoz arriskutsuagoa litzateke guretzat, alemanen inbasio bat baino”.

Aritz Galarraga 2019ko urriaren 23a

Ateraldi zorrotzak ditu beti, adibidez euskaldunokin aplika litekeen hau: “Jendea ez dut erabat ondo ulertzen jaten ikusten dudan arte”. Jomugan ditu ingelesak, frantsesak, alemanak, suitzarrak, yankiak (sic), italiarrak, portugesak, noski espainiarrak. Horietako batzuk batera batzuetan: “Ingalaterra, behar duena jaten duen herrialde bat da. Frantzia, behar ez duena jaten duen herrialde bat da. Espainia, behar duena jaten ez duen herrialde bat da. Ingalaterra arin dago. Frantzia lodi dago. Espainia hezurretan dago”. Ezen kanpokoez ari denean ere, etxekoez ari baita azken buruan: “Uste nuenean atentzio handiz behatzen ari nintzela Ingalaterra eta ingelesak, egiazki behatzen ari nintzen Espainia eta espainiarrak”.

Eta egin nezakeen –nahiz medikuak debekatu didan zutabe hauetan aktualitateaz aritzea–, egunotan berriz ere modan dauden katalanez hitz egitea –nahiz zutabe hau argitaratzen denerako jada modaz pasata egon daitezkeen; hori du ona astekari batean argitaratzeak–. Eta katalanez hitz egin bitartean, Cambaren moduan, euskaldunoz hitz egitea. Baina, ondo pentsatuta, katalanez, ingelesez, poetez, gastronomiaz, are Julio Cambaz ari naizelarik ere, ez ote naizen nitaz ari, gutaz alegia, Émile Zolak aipatzen zuen gizabereaz.