argia.eus
INPRIMATU
Basherri sarearen erakusketa
Nekazaritza industrialaren eta kontsumo taldeen historia ezagutu nahi?
Garazi Zabaleta 2019ko urriaren 23a

Gipuzkoako kontsumo taldeak eta kooperatiba agroekologikoak biltzen ditu Basherri Sareak. “Kontsumo taldeak eta kooperatibak gure artean saretzeko eta elkar laguntzeko gogotik sortu zen taldea”, azaldu digu Ioana Iñigez Susperregi  kideak. Garaiko eta tokiko barazkiekin osatutako saskien banaketan oinarritzen da sareko taldeen jarduna: nekazariaren lanari balioa emanez eta bere eskubideak bermatuz, eta aldi berean, kontsumitzaileari kalitatezko produktuak eskainiz. Kontsumo taldeen inguruan herritarrak informatzeko sortu dute orain erakusketa ibiltaria.

Bigarren Mundu Gerratik handitzen joan den bola

“Kontsumo taldeak, agroekologia, elikadura burujabetza eta antzeko kontzeptuak oso erabiliak dira gaur egun, baina zerk eraman gaitu azkenaldian horretaz guztiaz hainbeste hitz egitera?”, galdetzen du Iñigezek. Bigarren Mundu Gerra ondotik nekazaritzan egin diren aldaketak azaltzen ditu erakusketak. “Europan gosete handiak izan ziren gerraren ondoren, eta orduan abiatu zuten monokultiboen eta pestiziden estrategia”. Eredu industriala jarri zen martxan, ahalik eta jende gehien elikatzeko aitzakiarekin. Gerora ikusi zen, ordea, jendeak gosea pasatzen jarraitu zuela eta nekazaritzan abiatutako estrategia hark bestelako helburuak zituela. “Hor eman zen aldaketa, nekazaritzaren industrializazioa abiatu eta gaur arte geldiezina izan den bola hori sortu zen”.

Kontsumo taldeak alternatiba

Nagusitu den nekazaritza eredu industrial horretatik ihes egiteko aukera bezala hasi ziren sortzen lehenengo kontsumo taldeak. “Erakusketaren helburua kaleko jendeari kontsumo taldeena moda soil bat baino gehiago dela erakustea da, iraultza egiteko modu bat direla”. Garrantzitsua da, bere ustez, agroindustriaren nagusitasunari buelta emateko herritarrei erakustea gauzak egiteko beste modu batzuk badaudela.

Horregatik, nekazaritzaren historian ezezik, kontsumo taldeen historian ere murgilduko dira erakusketaren bisitariak. Oraingoz, Oiartzunen eta Hendaian izan da erakusketa ikusgai, baina sarearen asmoa da mugitzea. Interesa duen edonork bi bide dauzka haiekin harremanetan jartzeko: info@basherrisarea.eus helbidera idatzi edo 655 70 90 43 zenbakira deitu.