Ezin ukatu Barbora Horáková Joly-k zuzendutako espektakulua Arriaga Antzokian adorez eta ilusio handiz egina zegoela. Begi-bistan zegoen. Artista gazteak, kemena, imajinazioa eszenako baliabideetan…Taula gainean zeuden abeslari, dantzari, musikari guzti-guztiek bere onena eman zuten ordu eta erdiko ikuskizun horretan eta hori hedatu egin zen antzokian zehar. Alde horretatik gustura egon ginen hantxe bildu ginenok. Halere, ikusi eta entzun genuenaren azterketa egin behar badugu, kalitatea baloratuz, emaitza agian ez da hain positiboa. Sentitzen dut.
Minimalismoa ondo dago, baina minimalismoaren izenean Suaren dantza, adibidez, haizagailu eta konfetien bidez irudikatzen bada, kurtsoaren bukaerako emankizun batez ari garela ematen du, eta ez esku-programan aurkezten zen “giza-espirituaren ospakizun” batez.
Sinplea izan zen espektakulua, nahiko pobrea. James Rosentalen koreografiak, errespetu osoz, ez ziren minimo batera iristen. Soketatik zintzilika eskainitako akrobaziak, adibide bat jartzeagatik, oso behartuak ziren, kostata eginikoak. Eta bestelako dantzek ez zioten gehiegi aportatzen ikuskizunari.
Ángeles Blancas sopranoak une onak izan zituen batez ere Manuel de Fallaren Zazpi abesti herrikoiak kantatzean. Jakin izan zuen Blancasek pieza bakoitzari ñabardura egokia ematen, hala nola samurtasuna Nana-n edo mendeku basatia Polo-n. Agudo politak ditu sopranoak, nahiz eta ertaineko erregistroa nahiko sudurkaria suertatu.
Bestalde, ez zuen logika handirik testuen aukeraketak. Stefan Kleinen Unibertsoaren edertasuna eta Oliver Sacks-en Haluzinazioak liburuaren testuak zinez interesgarriak dira, baina ez dakit zerikusirik zuten Manuel de Fallaren unibertsoarekin, nahiz eta esfortzu bat egin konexio teluriko bat bilatzen.
Bilbao Sinfonietta orkestra fin eta neurriz aritu zen. Ondo azpimarratu zuen uneoro Ángeles Blancasen ahotsa, ezer estali gabe. Distira pittin bat falta zitzaion momentu batzuetan baina Iker Sánchez Silvak lan duina egin zuen, dudarik gabe.