argia.eus
INPRIMATU
Leintz-Gatzagako Gatzaren Eguna
Herriko lurren %80 publikoa, gatzari esker
Garazi Zabaleta 2019ko urriaren 18a

Urriaren 13an ospatu dute laugarren urtez Gatzaren Eguna Leintz-Gatzagan. Gatzaren ekoizpenari erabat lotua egon da herriaren historia, eta oraindik ez du etenik lotura horrek. “Gaur egun Udalak gure inguruan gatz kulturaren hedapena egiteko konpromisoa hartua dauka”, azaldu digu Aitor Larrañaga Artetxe Landa Garapenerako teknikariak. Hiru ildo dituzte hedapen hori bultzatzeko: Gatzaren Museoa, martxan berriro jarri duten gatz ekoizpena eta Gatzaren Eguna.

Jarduera berreskuratzeko apustua

“Erromatarren garaikoak dira hemengo gatz ustiapenari lotutako lehen idatziak, baina guk uste dugu askoz lehenagotik datorrela ustiapena”, dio Larrañagak. Herriko fabrikan gatza ekoizteari 1970. urte inguruan utzi zitzaion, eta hogei bat urte beranduago, 90eko hamarkadan Udalak fabrika zaharra erosi eta berritzeari ekin zion. “2000. urte inguruan fabrika zaharra museo bezala hasi zen funtzionatzen”. Gaur egun bisita gidatuak antolatzen dituzte bertan, gatzaren kultura zabaltzek.

Gatzaren ekoizpenak 40 urte inguruko etena izan ondoren, duela urte gutxi berriz ere gatza ekoizteari ekin dio Udalak: “Mahairako gatz gourmeta egiten dugu, jada Gipuzkoan barrena salgai dagoena. Aurrera begira Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa dugu”, dio teknikariak. Txikia da ekoizpena, baina gatz kultura hedatzeko baliagarria dela uste dute. Ekoizpen modua ere berezia da oso: Iberiar penintsula osoan toki bakarra da gatza eguzkiarekin izan beharrean su egurrarekin berotuta ekoizten dena.

Gatzaren eragina, lur gainean nahiz azpian

Produktu ekologikoen eta artisauen azokak, tailerrak edota Gatzaren Museoan bisita gidatuak izan dituzte aurtengo Gatzaren Egunean, aurrekoetan bezala. Egon da nobedade berezi bat, ordea, aurtengoan: EHUko geologia departamenduko kideekin eta Jakoba Errekondorekin gatzaren paisaia ezagutzeko aukera izan dute hurbildutakoek, bai lur azpitik eta baita lur gainetik ere.

“Ur gazidun iturburu hori nolakoa den azaldu digute geologoek, nolako gatz pilaketa eta mineralak dauden bertan. Errekondo, berriz, gatz ekoizpenak sortu duen paisaiaz aritu zaigu”. Leintz Gatzagako lurren %80 publikoa da, gatza su egurrarekin ekoizten zutenez egurra beharrezko zutelako. “Publikotasun hori gaur arte iritsi da, eta horrek esan nahi du basoaren kudeaketa ere beste era batekoa izan dela: pinu gutxi dago eta hostozabalez osatutako bertako basoa da nagusi”.