argia.eus
INPRIMATU
Lana hobetu, kultura hobetu
Kimetz Arana Butroe @7ardi 2019ko urriaren 15

Bizi garen tokiko egoera sozioekonomikoak harreman zuzena du bertoko (Meatzaldea-Ezkerraldea) pertsonen kultur mailarekin. Azken aldian herriko gazte batzuei entzun diet bere gogoeta eta kezkak partekatu eta garatzeko falta dutela gure inguru hurbilean. Kultur edo sozial arloan profesionalki edo boluntarioki ari diren gazteak dira, herrian guztiz integratuta daudenak, baina beren ideia eta pentsamenduak partekatzeko ingururik topatzen ez dutenak.

Kanpora joan eta Euskal Herriko beste eskualdeetako jendearekin izandako harremanetan bestelako lasaitasun bat, gaiak lantzeko giro goxoago bat sumatzen dutela diote. Guk ere hala sentitu genuen gazteago ginela herritik kanpo egindako hasierako joan-etorrietan.  

Nekazaritzatik meatzaritzara eta industriara pasatu zen eskualde baten seme-alabak gara, industria gainbehera etorri eta merkalguneetan langile-erosle bihurtu direnak. Eskualdean dauden kulturgune publikoak nahiko berriak dira eta besteren artean gure herriak ez du oraindik kultur ekintzak egiteko aretorik. Horrela hemengo kultur programazioa betidanik aski ahula izan da eta normala denez orokorrean jendeak ez du izan antzerki, dantza, literatura edo musika emanalditara joateko ohiturarik. Beraz egoera honetan, hizkuntza batean edo bestean eta egiten den kultur jardueraren erregistroa edozein izanik ere, sarri gertatzen da zerbait antolatu eta oso ikusle gutxi agertzea. Orain arte hemen ez da egon kultur sortzaile edo jasotzaile corpus sendorik, hortik gurean zein zaila den kultur gaiak partekatu, gogoetatu edo edozein sormen lan hastea.  

Dudarik gabe herriko sare eta instalazio komunitarioek garrantzia dute kulturgintzaren berpiztean, baina arlo pertsonalean norberaren bizi baldintzekiko lasaitasunak ondorio zuzena du norberak kultura jasotzeko duen aukeretan.

Nola joango da gurean norbait kultur jarduera batera goizetik gauera lanean baldin badago?

Nola garatuko ditu pertsonak bere ideia eta kezkak norbere haurrak edo zaharrak zaintzeko denborarik ere ez badu? Gurean kultura garatuko bada instalazioak behar ditugu, baina beharrezkoago dugu pertsonen beharrak errespetatuko dituen lan eredu bat. Familia zaintzeko denbora izan eta norbere burua, motibazio eta kezkak garatzeko aukera emango diguna. Meatzaldea-Ezkerraldean asko gara, jatorri askotatik gatoz eta asko dugu esateko. Bitartean telebista eta taberna izango dira eskualdeko kulturaren oinarri.