Kaixo Jone: badakit Ainararen gutun asko jaso izan dituzula duela gutxi. Gutun horiek bildu ditu Xabier Mendigurenek Bizitza motor gainean liburuan. Ez dakit horren berri izan duzun baina zu hor agertzen zarenez, aipatu nahi nizun.
Bai, badakit Ainarak idatzitako 18 gutunak irakurri dituzula eta horrela jakin izan duzula zure laguna nola haserretu zen amarekin, nola erabaki zuen amona zaintzera joatea honen baserrira eta gero hango kontu guztiak, tartean hondartzan ezagutu zuen mutil kantariarena. Egia esan zuri idatzitako gutun horien bidez jakin izan dugu zer sentitzen eta zer pentsatzen zuen Ainarak. Nolako gorabeherak izan dituen animo aldetik baina baita bere bizitzan ere. Ainarak bere bihotza eta bizitza ireki dizkizu eta ziur nago, nik Mendigurenek eginiko liburuan bezala, zuk ere bat egin duzula Ainararen sentimenduekin; itxaropentsu egon zarela Antonen bila abiatu zenean, poztu Luka txakurra hartu zuenean…
Pena dut, Jone, zu ez zarelako gehiegi agertzen; egia da Ainarak komentatzen dituela zuk esandako kontu batzuk, baina oso-oso gainetik egiten du hori. Baina aitortu behar da zuri igorritako gutunen bidez ederki jasotzen dela zuri dizun kariñoa eta, batez ere, primeran jarraitu ahal izan dudala zure lagunaren udazken bitxia. Ainarak uste zuen unibertsitatera joan beharrean baserrira joatea erabaki zuenean bertan aspertu egingo zela baina bizitzak mila buelta ematen ditu, idatzi dizun bezala: “Esan nahi dut ohartu naizela nire bizitza ez dela plan batek gidaturiko lerro zuzen bat, eta nire gutun sorta hau ere ezin izan, beraz, kontakizun koherentea ere”. Izan ere, Ainarak berak aitortu bezala: “Nire bizitza kaos bat da, kaotikoa da kontakizuna ere”. Baina kaos horretan ederki mugitu naiz Ainararen bizitza ezagutuz, gazte baten zalantzak, beldurrak, lotsak… ezagutuz, baina baita ausardia ere, indarra, kemena eta abar ere ikusiz.
Jone, bitxia egin zait Ainarak kontatu zizuna irakurtzea, zuen intimitatean sartu den kanpotar moduan sentitu naiz. Baina, era berean, balio izan dit une atsegina igarotzeko Ainara horrek, berak aitortu bezala, literaturarako eta filosofiarako zaletasuna baitu.
Beno, Jone, eman goraintziak Ainarari. Eta barkatu zuena zen elkarrizketa horretan sartzeagatik; Xabier Mendigureni bota errua, ez niri, nik zuena irakurriz une goxoa pasa besterik ez dut egin. Adiorik ez.