XIII. mendean jada bazen San Cristobal izeneko baseliza bat Ezkaba mendian, XIX. mendera arte iraun zuena. Ondorioz, San Cristobal izenarekin ere ezagutzen da mendia. Alfonso XII.a gotorlekua egin zutenean desagertu zen. XIII. mendekoa da, halaber, Ezkabako gaztelua; han babestu ziren 1276an Iruñeko Navarreriako Gerrako buruzagiak, hauek armada frantsesaren aurka borrokatu ondoren. 1750etik 1760ra ere gotorleku txiki asko eraiki ziren Berrobeititik eta Arreraino. Eta Artikako lurretan, XIX. mendean kanpamentu militar bat ere izan zen.
Egungo gotorlekua egiteko, Espainiako Armada 1877an hasi zen lur desjabetzeekin eta orduan egin zen Artikatik tontorreraino daraman egungo pista, autoz goraino igotzea ahalbidetzen duena. 1913an egin zen egungo tiro eremuko lurren desjabetzea eta Aitzoaingo kuartela egiteko lurrena 1965ean. Joseba Gil iruindarra Elkarten bizi da azken 35 urteetan eta zinegotzia izan zen Berriobeitin 90eko eta iragan hamarkadetan, eta dioenez, une batean bazirudien militarrek bazutela gotorlekuaren jabetza beste erakunderen baten eskuetan uzteko asmoa: “Elkarrizketak ere izan ziren Berriobeitiko Udalarekin, baina azkenean ez zen ezertan mamitu”. Espainiako Armadaren webgunean jartzen duenez, armada “gotorlekua berrerabiltzeko kudeaketa eredu partekatua aztertzen ari da beste erakunde publiko batzuekin”.
Historiaurreraino eginez, Brontze eta Burdin Aroetako hainbat herrixka ere izan ziren Ezkaban, horietako garrantzitsuenetakoa egungo Artikako lurretan. Gizakiak beti ustiatu du Ezkaba. Duela gutxi arte hegoalde ia osoan mahastiak ugariak ziren. Ia herri guztietan izan dira harrobiak, ustiatuenak Artika, Aitzoain eta Berriozarrekoak. 1512 eta 1515a artean, adibidez, harrobi guztiek topera jardun zuten Iruñeko Gotorlekuaren eraikuntza harriz hornitzeko. Antsoain eta Artikan silize mehatzak ere egon izan dira. Iparraldera dago Ezkabarte udalerria mendiaren ipar guztia hartzen duen bailaran, 1816 biztanle eta hamaika auzoz osatua eta, seguruenik, Iruñerriko parajerik ezezagunena.