Planeta haserre dago, gure sistema ekonomikoarekin hiltzen ari baikara, gure produzitzeko moduarekin, baita elikadura, energia mota eta garraiatzeko manerekin ere, bizi garen ingurua akitzen ari gara. Klima larrialdi egoeran gaude, baina badirudi ez dakigula. Gizarte-karbonoan bizi gara. Gobernuek eta erakundeek bat egin behar lukete ezagutzen dugun Lurra salbatzeko.
Agian egongo da ez dakienik nola borrokatu Lurraren alde. Bada, Aldaketa Klimatikoaren aurkako 2015eko Pariseko Akordioaren sortzaileak, Costa Ricako Christiana Figueresek, hainbat galdera iradoki ditu.
“Zer jaten dugu?”. Behi haragiaren eta deforestazioaren arteko lotura bistakoa da, baina haragi gorria jaten segitzen dugu egunero. Zer ari gara egiten? Ezin dugu basoak suntsiarazten dituzten produktuak kontsumitzen jarraitu etengabe.
“Nola mugitzen gara eta nola bizi?”. Gure etxe eta bulegoak, nahikoa isolaturik al daude ahalik eta energia gutxiena gastatzeko? Aurrezki batzuk dituztenek, gutxi izanik ere, jakin behar dute diru hori erregai fosilak erabiltzen dituzten konpainietan jarriz gero Lurra izorratzen ari direla –eta seguruenik diru hori ere galdu egingo dutela–.
Bestalde, herrialde “demokratikoetan” bizi garenok, boto emateak exijitzen duen konpromisoa aintzat hartu beharko genuke eta gainean dugun larrialdiaz kontziente diren liderrak soilik babestu.
Gobernu eta erakundeen erantzukizunetik harago, pertsona bakoitzak bere etxean, lanean zein kalean, elikadura eta kontsumoaren bidez, baita erabiltzen dugun garraioa eta energia aukeratuz ere, ekarpena egin diezaioke borroka honi. Izan ere, Planeta salbatzen badugu, gu salbatuko gara. Etorkizuna kolokan duten gazteek ez lukete itxaron behar ekintzara pasatzeko.