Gaurko kapitalismoak duen errentagarritasun maila ez da Urrezko Garaiaren parekoa, nahiz eta hainbat saiakera izan diren hala izan dadin. Fordismo eta politika keynesiarren emaitzak ahitzen joan zirenean, neoliberalen proposamenak errentagarritasuna berreskuratzeko merkatuen “liberalizazioak”, ondasun eta enpresa publikoen “pribatizazioak”, arauen erregulazio berria (desaraupena izendatutakoa) izan ziren. Paperean funtzionatzen zuenak –trickle-down economics edo jario efektua, adibidez– ez zuen balio izan kapitalak behar zuen errentagarritasun maila berreskuratzeko, dopin dosi bat izan zen. Atzeraldi Handia horren adibidea da, kapitalismoa epe luzeko ziklo beherakor batean sartu da.
Tarte horretan globalizazioak hartutako abiadura izugarria izan da. XVI. mendean hasitako prozesua, teknologia berrikuntzekin batera azkartu zen; XX. mendeko azken hamarkadatan informazio eta komunikazio teknologien hedapena horren adibide dira, energia iturri berriztaezinen laguntzarekin batera, petrolio merkea. Garai bakoitzak beren herrialde hegemonikoa izan du, beren gorakada eta beherakadekin. Gaur egun, agerikoa da herrialde hegemonikoa (AEB) bere rola galtzen ari dela, zendu berri den Immanuel Wallersteinek esan zuen bezala. Ez dirudi beste herrialde hegemonikorik agertuko denik hurrengo urteetan, dirudienez kontrako joeran gaude.
Nazioarteko ekonomia egoera ezegonkorra, kapitalismoaren errentagarritasun joera beherakorra, eta krisi ekonomiko berri bat eta larrialdi klimatikoa
gainean ditugu
Garaiak alderatuz, askotan 1873-1896 urteetako Atzeraldi Handia burura datorkit: herrialde hegemonikoa Erresuma Batua zen, baina lehiakide handiak zituen, AEBak eta Alemania. Atzeraldi hartan, estatuek protekzionismo ekonomikoa aplikatu zuten. Sarritan aipatu den beste epe historikoa 1930 hamarkadako Beheraldi Handia da: neurri protekzionistak ere orokortu ziren. Bi garai horien atzean Lehenengo eta Bigarren Mundu Gerra etorri ziren; eta bigarrenean –aurreko Depresio Handia barne– lehenengoaren ostean hartutako erabakiek eragin zuzena izan zuten, Keynesek Bakearen Ondorio Ekonomikoak lanean antzeman zuen bezala.
Hala ere, gaur egungo ekonomien arteko harremanak oso estuak dira: lehen gure lurraldean ekoizten zena, orain munduko beste txoko batean egiten da; maiz, ekoizpen katearen parte txiki bat lurralde zehatz batean erroturik dago, ekoizpen prozesua munduan zehar sakabanatzen den bitartean. Ekonomiaren aldetik, orduan, merkataritza gerren eta protekzionismoaren itzulera neurtzea zaila egiten da. Eztabaidan jartzen ari dena da gaur egunean indarrean dagoen globalizazio eredua, eta borroka honetan galtzaile diren eliteek, honen elementu garrantzitsuak jomugan jartzen dituzte. Ziurgabetasuna da testuinguru ekonomikoaren ezaugarri nagusiena.
Nazioarteko ekonomiaren egoera ezegonkorra –gatazkak barne–, kapitalismoaren errentagarritasun joera beherakorra, krisi ekonomiko berri bat eta larrialdi klimatikoa gainean ditugu. Munduko eliteak globalizazioa birpentsatzen ari dira, euren onurarako, ez langileen onurarako, noski. Aldaketa horiek zer-nolako eragina izango dute gure lurraldeko ehun ekonomikoan? Neurtzen zaila, baina hasteko, ez da ona izango. Administrazioek ez dute asko ikasi, Atzeraldi Handiek ziurrenik prestatu gabe harrapatuko ditu.
Baina ez dut ilun agertu nahi. Globalizazioan subiranotasun ekonomikoa azukre-koskor bat bezala desegin zen –inoiz existitu bazen–; azken hau kolokan jartzen den bitartean, beste bide batzuk eraikitzeko zirrikituak agertu daitezke. Hori baita ziurgabetasunaren alde ona, arrakalak agertzeko aukera.