2009an duela 1.600 urte inguruko bi giza eskeleto aurkitu zituzten Modenako (Italia) nekropoli batean. Giza arrasto gehiago ere bazeuden bertan, baina bi hauek bereziak ziren: hilobi bakarrean zeuden ehortzita, eta eskutik helduta.
Hildakoen generoa bereizteko erabili ohi diren elementuak oso hondatuta zeudenez, ezin izan zuten baieztatu gizonak ala emakumeak ziren. Baina berdin zion; garbi zegoen gizona eta emakumea zirela, eta maitaleak, jakina. Berehala “Modenako maitaleak” betiereko maitasunaren sinbolo bihurtu ziren. Hortzetako esmalteko proteina baten bidez generoa zehazteko metodo berri batek biak gizonezkoak zirela adierazi duen arte.
Frogarik gabe ontzat eta ziurtzat jo ziren guztiak zalantzan jarri dira orain. Anaiak ote ziren? Lehengusuak? Gudu zelaian batera hildakoak? Boloniako Unibertsitateko Federico Luigi ikerlariaren arabera, “maitaleak izatea ez dugu guztiz baztertzen, baina hipotesi urrunena da, orduan homosexualitatea krimena zelako”. Garai hartako gizartearen ikusmoldea kontuan hartu behar dela dio. Baina gure garaiko gizartearen ikusmoldeak arrastoak interpretatzean izan duen eragina ere kontuan hartzekoa da.