Erotuta edo! Txoratzen hasita egongo zara! Burutik egina hago! Horrelakoak entzungo zenituen inoiz lagunartean zera esan baduzu: landareak inteligenteak dira. Ixilik geratzen da asko, bisajeak salatzen du, ordea, ulertzen ez duten hori; zenbaiten begiek nahikoa diote...
Gure ikuspegi antropozentrikoak (“munduko onena naiz”) begirada eta zentzumena mozten ditu, lehenaz gain. Landareen artean komunikaziorik izan litekeenik ere ezin kabitu zaigu buruan. Nola elkar aditu, elkar eratu eta, garrantzitsuena, elkar hartuko dute bada landareek?
Ugaritzen ari dira azkenaldi honetan bide hori argitzen duten ikerketen emaitzak. Landareek entzun egiten dute, aldamenekoei mezu kimikoak igortzen dizkiete, sustraien sareak lotzen dituzten onddoak direla medio elkarren berri jakiten dute eta abar.
Teoria horiek sendotzen dituen berri bat dator Israeldik. Bai, gezurra badirudi ere Israelen gauza onak ere badira. Tel Aviveko unibertsitateko Lilach Hadanyk eta Yossi Yovelek argitaratu berri dute bere ikerketaren ondorio harrigarria: loreek erleen hegaldia entzun egiten dute. Erleak inguruan dantzan dabiltzala jabetzen denean, lorean daukan nektarra azukrez hornitzen du eta gozoago bihurtu. Horrela lore horiek erakargarriagoak izango dira erlearentzat.
Saioetako bat oso sinplea izan da: loreei erleen soinuen grabazioa “entzunarazi” zieten. Nektarraren azukre metatzea %20 ere aberastu zen. Alferrik ariko da nektarra gozatu eta gozatu erlerik ez badabil, eta besteren batek “lapurtu” dezake. Energia aurreztu eta ugaltzeko bidean, loreak ernaltzeko aukera handitzen du.
Landareak nola tratatzen du soinua? Ez dute argitu, baina, agi danean, loreak berak dira belarri lana egiten dutenak: soinuaren bibrazioak bildu eta erantzuna bideratzeko gai dira.
Beste aldea ere ikertzen ari da bat baino gehiago, landareek beraiek sortzen dituzten soinuak, alegia. Diotenez, maiztasun oso garaietan aritzeko gai dira. Esaten dutena ulertzeko gai noiz izango ote gara? Izan ere, badakigu goi maiztasunetan aritzea dela osasuntsuena, orekatsuena, hau da, ederrena.