argia.eus
INPRIMATU
Iluntasunaren erakargarritasuna
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2019ko irailaren 24a
"Lurzoru hotzetik" | Arrotzak | Hainbat zigilu

Arrotza da ezagutzen ez duguna eta agian, aurreiritziek bultzatuta, nolabaiteko mesfidantza sortarazten diguna. Arrotza da beraz ezer edo gutxi dakigula, urrun, distantzian sentitzen duguna; eta aldi berean, askotan, nolabaiteko intriga ere pizten diguna.
Eta arrotza egin zitzaidan, egia esan, talde honen diskoaren agerpena. Ez nekien Getarian (Gipuzkoa) halako proiekturik zegoenik eta sorpresaz hartu nuen, baita jakin-minez ere. Eskaintzaren gehiengoarekin talka egiten duten halako proiektuek interesa pizten dute nigan eta horregatik eta emaitzagatik berehala horrekiko gertutasuna sumatu nuen.

Nahiz eta diskoaren estetikak, argazkiek, kantek, hitzek… ez duten gertutasuna eta erosotasuna propio transmititu nahi: badute iluntasunetik, misteriotik eta arrisku sentsaziotik.

Diskoa deskubritu berritan jakin dut Aritz, Arih eta Fer taldekideak aurretik hainbat proiektu anitz, zaratatsu eta nahaspilatsuetan (Hell Division, Gremliny, Keep Diggin, Curasan…) ibiliak direla, baina oraingoan –begi bistan dago– nahiago izan dute artifiziorik gabeko sinpletasunean eta iluntasunean indarrak jartzea, oinarrietara bueltatuta. Baita ere 2016an, arrapaladan, –Frantziako bira baten bezperan– hainbat kanta grabatu eta batu zituztela kasetean, ez beste inongo formatuan.

Honako diskoa –hortaz, bigarrena– Paulinni Records, No Thanks, XCementerioX eta Donnez Moi Dudfen zigiluekin (azken hau frantziarra, besteak Euskal Herrikoak) kaleratu dute eta gogoz edaten du AEBetan 80ko hamarkadan sortutako hainbat punk talde ilunetatik: Wipers kasu, baina baita TSOL, Agent Orange eta beste batzuetatik. Melodikoak dira kanta guztiak eta abiadura ere tamainan dute, baina ia beti oinarritzen dira malenkoniaz betetako riff apal baina sarkorretan. Euskara eta gaztelania tartekatuta oso hitz pertsonalak idatzi dituzte, punka, melodia apala baina dotorea, iluntasun kutsu handia, gazi-gozo eta garraztasuna eta tarteka abiadura uztartuta.

Ez dituzte hit!-ak idatzi nahi eta ez dago berez nabarmentzeko asmoarekin idatzitako piezarik –tonua eta tempoa kontrolatuta daude– baina bereziki gozatu ditut Lagun zaharra, Garai berri bat eta Niños navaja kantuekin.