argia.eus
INPRIMATU
Baserrira bisita bertsolariekin
Garazi Zabaleta 2019ko irailaren 29a

2017ko urte bukaeran eman zuen ezagutzera Baserriko Uzta egitasmoa EHKOlektiboa elkarteak: urtaro bakoitzean Euskal Herriko baserri ekologiko eta txiki banatan kontzertuak iragarri zituzten orduan. Kulturaren eta musikaren bidez baserrietako ateak zabaldu eta beren errealitatea gainontzeko herritarrengana hurbiltzeko modu bat zen proiektua. Helburu berarekin abiatu dute orain EHKOlektibotik Biziaren Ahotsak ekimena: musikak beharrean, kasu honetan bertsolaritzak hartuko du protagonismoa.

Lurrarekin eta herriarekin konektatzea asmo

Eredu ekologikoan diharduten Euskal Herriko baserritar txikiek eta bestelako kontsumo eredu bat bilatzen duten herritarrek osatzen duten elkartea da EHKOlektiboa. Kolektibo barnean egiten ari ziren lanketa herritarrengana zabaltzeko beharra ikusi zuten duela bi urte, eta horrela bururatu zitzaien baserriaren eta kalearen arteko zubi lana egiteko ekimen musikala abiatzea. Musika taldeak izan beharrean, bertsolariak izanen dira oraingoan herritarrak baserrietara erakarriko dituztenak.

“Baserritarrok gogora ekarri beharko genuke zerk/nork ematen digun bizia: lurrak. Gogora ekarri beharko genuke gure ardura: herria benetan elikatzea –ez sabela betetze hutsa–. Bi elementu horien arteko orekan bizi behar. Lurra eta herriarekin konektatu berriz ere”, diote ekimenaren bultzatzaileek zabaldutako prentsa oharrean. Ahotsaren komunikazio gaitasuna baliatuz, baserria bisitatzeko eta hango lana ezagutzeko aitzakia izanen dute hurrengo hilabeteetan bertsozaleek eta bertsolariek.

Lehen zita urriaren 5ean Pikunieta baserrian

Bertso bisita ilustratuaren lehen edizioa Antzuolako Pikunieta Baserrian eginen dute, urriaren 5ean. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak arituko dira bertan, goizeko 10:30etatik aurrera. Baserrian bisita eginen dute lehenik hurbildutakoek, eta bertso saioaz gain bazkaria ere bertan izanen da.

Biziaren Ahotsak ekimenaren lehen saio horretan izena eman nahi dutenek hemen dute aukera (EHKOlektiboaren webgunean). Bisita, bazkaria eta bertso saioaren prezioa 25 eurokoa izanen da helduentzat, eta 15 eurokoa 12 urtetik beherakoentzat. 6 urtetik beherako parte hartzaileek doanik izanen dute ekimenerako sarrera. Honela diote ekimenaren informazio oharrean antolatzaileek: “Baserritarrok eta bertsolariok elkarrekin jarriko dizkiogu ahotsak biziari, munduan jarriko gaituzte ahotsok, ikusgarri egingo gara. Esentziara joko dugu: elikadura eta ahotsa”.