argia.eus
INPRIMATU
Txirrindularitzak antolatu gabe duen bira
Ainhoa Azurmendi Echegaray @AinhoaAtxur 2019ko irailaren 11

Berriki sarean kritikak irakurri ditut, Euskal Herriko Itzulian azafatak ez egotea erabaki zen arren, EAEko hamaika ekitalditan oraindik ere emakumeak rol horretan jardun dezaten kontratuak izaten direla. Gogoan dut halaber, txirrindularitzan erabaki hura hartu zenean norbaitek emakumeek lana galtzeko arriskua zegoela mahai gainean jarri izana. Harritzen nau auzi horren bueltan azalpenak ematen ibili behar izatea, arazoa ez baita haiek egiten dituzten funtzio horiek guztiak desagertaraztea, lana egiteko betearazten dituzten baldintzak baizik. Hots, bularreko tamaina zehatza eta ile luzea edukitzea, edota gona eta takoiak erabili behar izatea, arropa eta oinetako erosoak erabili ordez. Horretaz gain kontuan hartu behar da txirrindularitzan, pilotan edo motoziklismoan bete behar duten gizonen zerbitzari rola. Azken batean, gizarte matxista batean eraikitako emakume erakargarriaren estetika bermatzea, jarrera pasibo batean itxura polita emanez. Horrelakoetan ikuspegi ezberdinetatik begiratu behar zaio gaiari: batetik, kontratazioa egiten duen erakundearen erabaki-hartze organoa nork osatzen duen eta zein baloretan oinarritzen den kontuan hartuz. Eta, bestetik, feminismoaren kontzientzia ez duten azafata horietako batzuek nola haien askatasuna eta lanaren duintasuna defendatzen duten; nahiz eta tartean, gainera, jazarpen sexuala pairatu behar izan duten –gogoratu Peter Saganek 2013an azafatari ipurdia ukitu zionekoa, edo Rigoberto Uranek 2018an azafatari masailean muxua exijitu zionekoa–. Txirrindularitzan emakumeen gorputza sexualizatu bidez eragin diren diskriminazio egoera gehiago datozkit burura, esaterako, 2014an Kolonbiako emakumezkoen selekzioari haragi koloreko maillota jantzarazi izana, edo aurten UCIko Health Mate Ladies Team-eko hiru emakume txirrindularik taldeko zuzendariari haiek sexualki jazartzea egotzi izana. Zer esanik ez, kirol arloaren egituraketan aurkitzen diren mugez, hala nola, lizentzia kopuru txikia, emakumeek lasterketan jokatzen dituzten baldintzak, amatasuna, sariak eta abar. Horrek guztiak adierazten duena da txirrindularitza tradizioz gizonen eremua izan dela, eta azafaten gaia piramidearen ertza besterik ez dela. Beraz, goitik behera berregituratu beharko litzateke, estamentu guztietan emakumeen partaidetza bultzatuz eta haien jarduera duinduz, eta benetan emakume eta gizonen berdintasuna sustatuz. Eta erakunde publikoen egitekoa litzateke bira horretan bidelagun izan eta jarduera guztian berdintasun irizpideak betetzen direla bermatzea.